argia.eus
INPRIMATU
Euskalgintzaren sektoreak kontziliazioan emandako urratsak nabarmendu ditu Languneren ikerketak
  • “Euskalgintzako enpresa eta erakunde kopuru esanguratsu batek arreta berezia jartzen dio lan ordaindua, zaintza lanak nahiz bizitzako beste eremuak bateragarriago egiteari”. Hori da Langune elkarteak egindako ikerketaren ondorio nagusia.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 27a
Txostenaren egileak eta parte hartu duten erakundeetako ordezkariak / Langune

Euskalgintzako erakunde eta enpresek kontziliazio erantzukidean egindako ibilbidearen azterketa eta ikaspenak du izenburutzat Langunek egindako ikerlanak. Jarduera-eremu ezberdinetako 10 erakunderen 2018-2019 urteetako datuak aztertu ditu. Oihana Jausoro eta Amaia Rodriguez egileek azaldu dutenez, “berdintasunarekiko sentsibilitatea eta ikuspegi feminista kontzientea” gailendu dira aztertutako erakundeen %70ean. “Segregazio bertikalaren txikitzea eta lidergo estiloen aldaketa” ekarri du horrek hainbat erakundetan.

Txanponaren beste aldean, “azkeneko urteetan erreferente maskulino berriak bistaratu diren arren”, Euskalgintzako sektorean gizartean oro har ematen diren genero rol eta estereotipoak errepikatzen direla nabarmendu dute egileek, “kontziliazio erantzunkidea gauzatzeko bidean gizartean erroturik dauden oztopoak”, hain justu. Adibide moduan jarri dute lan jarduna murrizten duten langile gehienak emakumezkoak izatea.

Baimen eta lizentziak

Malgutasun eta kontziliaziorako zailtasunak dituzten lan eremuetan ere (dendak, banatzaileak, erredakzioak...) neurriak arautu eta aplikatu direla ondorioztatu du ikerketak. Orokorrean, euskalgintzako sektorean “izaera berritzailea eta aurrerakoia” duten neurriak jarri dira, “bizikidetza, ezkontza edo norbere beharretarako lizentzia edo menpekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko ordu poltsak adibide”.

Hainbat praktiketan “aitzindari”

Langune elkarteko bazkide diren Emunek eta Elhuyarrek elkarlanean burutu dute azterlana, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasun organoaren babesarekin. Besteak beste, ARGIAk, Topaguneak, Berriak eta Ikastolen Elkarteak parte hartu dute ikerketan. “Asko pozten gaitu euskalgintzako sektoreak kontziliazio erantzunkidearen hainbat praktiketan aitzindaria dela jakiteak, horrek ere sektorea balioan jartzen du”, adierazi du Languneko gerente Lohitzune Txarolak.