argia.eus
INPRIMATU
Euskalgintzaren Kontseiluaren norabideaz (III)

Joseba Barriola 2021eko ekainaren 22a

(ARGIAren oharra: Testuaren luzera dela-eta, hiru zatitan argitaratuko dugu Joseba Barriolaren lana. Honakoa hirugarren zatia duzu, irakurle. Lehenbizikoa, hemen; bigarrengoa, hemen)

 

E) Euskararen erabilera erosoaz

Harritu naiz “euskararen erabilera erosoa” esamoldea zenbat aldiz aipatzen den dokumentuan (22 kontatu dut) eta zer nolako garrantzia ematen zaion. Helburua izeneko atala honela hasten da: “Euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea da helburu nagusia”. Aldiz eraso hitza behin bakarrik aurkitu dut, Kokapena atalean agertzen diren bazterkeria-deserosotasuna aipamen gutxi batzuekin.

Dokumentuan esaten denez, jauzi bat omen dago euskara erabili eta euskara eroso erabiltzearen artean; euskararen erabilera erosora igaro behar dugu; euskara eroso erabiltzeko eremuak (soziofuntzionalak eta geografikoak) sortu, garatu eta elkarlotu behar dira; erabilera erosoa edonork egin ahal izateko deseroso sentitu gabe; horretarako ikasleentzako espazioak sortzeari begira; kontsumo harremanetan (janari denda, ileapaindegia, banketxea, botika, arropa-denda…) euskara eroso erabiltzeko eremu bilakatu behar dira, lantokiak euskararen erabilera erosorako; ingurune digitala euskaraz eroso aritzeko tresnak eta baliabideak; administrazioa; aisialdia….

Zer esan nahi du euskara eroso erabiltzeak? Baldin eta euskaraz jokatzen bada euskararen eta bizitzaren aldeko apustua, orduan euskararen erabilera deserosoa izango da sistema glotofagikoaren euskarri diren instituzio, estatu, erakundeentzat, eta baita ere botere global horiek moldatzen duten gure pertzepzio, motibazio eta jokamoldeentzat. Tentsio batean egongo gara, nahitaez. Baina tentsio hori gabe, ez badugu egoera hori kontutan hartzen eta ez bagaude horren aurrean erne egoten, erabili dezakegu euskara bizitzaren (eta baita euskararen bizitzaren) oinarriak diren motibazioak, ezagutzak eta erabilerak ahulduz. Ez dugu erosotasuna behar, bizitzaren aldeko tentsioa baizik. Tentsio horretan soilik egon gaitezke eroso. Tentsio hori gabe, heriotzaren erosotasunean geundeke.

"Euskaraz jokatzen bada euskararen eta bizitzaren aldeko apustua, orduan euskararen erabilera deserosoa izango da sistema glotofagikoaren euskarri diren instituzio, estatu, erakundeentzat"

Erasoak, bazterkeriak... ematen dira. Bai. Baina gure egoera definitzeko eraso hitza suabeegia da. Ez ditugu “erasoak” sufritzen. Gure gainean inposatua duguna, itotzen gaituena (George Floyd-i gertatu bezala), heriotzaren bidean itotzen gaituena glotofagia du izena: Hizkuntzidioa. Mundu mailako sistema linguistikoa, indarrean dagoena, Europako Batasunean errepikatzen dena, Espainiako eta Frantziako konstituzioetan lege nagusi dena, glotofagikoa da: hizkuntzen aniztasunaren etsaia, bizitza biologikoaren aniztasunaren etsai den bezala. Eta gaixotasun pandemiko horretaz kutsatua dago (gaude) gizadiaren gehiengoa. Erantzukizun ezaren diskurtsoa oso hedatua dago.

Hau ez da erasoa(k), hau da hizkuntz-aniztasunaren (euskara barne) heriotzaren planifikazioa. Milaka hizkuntz daude desagertzeko zorian, Unescoren azterketen arabera. Eta botereak erabilitako hizkuntzak ere, degradazio prozesu sakon batean sartuta daude. Botereak du hitzen esanahiaren monopolioa eta “eroso” ari dira planeta osoa eta gizadia kolapso bidean sartzen. Eta horretarako (eta Pandemiaren esperientzian azpimarratu beharreko lehenengo gauza pentsamendu bakarraren erabateko inposizioa da) hezkuntzaren, komunikabideen eta digitalizazioaren kontrol drakonianoa ezartzeko bidean dabiltza Hitz egiteko ahalmenaren kontrola nahi dute.

Zeintzuk dira euskararen erabilera erosorako baldintzak?

***Azpimarratzen dira motibazio pertsonala (“afektiboa” eta “pragmatikoa”) eta erantsi daiteke “arrazionala” eta “planetarioa”… baina motibazioa neurtzen da ezagutzan eta biak neurtzen dira erabileran, eta motibazio-ezagutza-erabilera naturala, berezkoa edo berezkotua eta landua, kulturakoa. Eta giza lengoaiaren aniztasunaren eta berdintasunaren paradigman errotua hitzez eta ekintzez. Eta lurralde batean txertatua.

*** Azpimarratzen da gaur egungo bizitzaren alor guztietan (mundu digitalean fabriketan, administrazioan, hezkuntzan, aisialdian, turismoan) euskaraz bizi diren espazioak eta eremuak (territorialak eta funtzionalak), sortu behar direla. Baina premiazkoa da bereiztea espazioak eta espazio horietan hizkuntzaren funtzioak, eta espazio guztietan zein den hizkuntzaren funtzio nagusiena.

Adibide bat: Ikastolak sortu zirenean zer egin zen? Eskola frankista euskaraz jarri? Ezinezkoa. Zer egin zen? Eskola ez frankista sortu. Ikastola zen, bere izatez, aldi berean frankismoaren aurkako aldarri bat eta pedagogi mailako iraultza bat. Ez zen izan zeuden espazioak euskaraz bete. Espazio berriak sortu baizik. Espazio euskaldunak, askeagoak, irekiagoak, sormenari lekua emanez… diktaduraren ez bezalako giroa (edukia, harremanak, gurasoen parte hartzea, hizkuntza, metodo pedagogikoen jakin nahia eta esperimentazioa….).

Antzeko gogoetak egin daitezke bestelako eremutan. Eremu familiar patriarkala euskaratu, edota euskararekin landu genero berdintasuna? Gaur egungo lan mundu prekarioaren esplotazioa, desberdintasun ekonomikoak, kontsumismoa euskaraz, edota ekoizpen-kontsumo molde berriak euskaraz sustatu? Gaur egungo ekonomiaren motibazio kapitala (kapitalaren akumulazioa) euskaraz sustatu? Edo euskaraz bizitza duina eta zaintza erdigunean jartzen duen ekonomia moldea sustatu? Ez al dago jokoan zein izan behar duen bizitzaren motibazioa: diruaren akumulazioa edota bizitzaren (eta hizkuntz-aniztasunaren) balioa?

***Ez da azpimarratzen eta ezta aipatu ere egiten baldintzarik nagusiena: Hizkuntz komunitatearen konpaktazioa.

Dokumentuan ez da hitz bat ere esaten auzi giltzarri honi buruz. Ez dugu aurrera egingo dauden espazioak okupatuz euskararekin. Kalitate berria duten espazio berriak sortu behar dira. Bizitza lantzen duten espazioak sortuz. Eta bizitza duina lantzeko espazioak. Ez bizitzari buruz diskurtsoak soilik egiteko eremuak, eremu biziak eta bizigarriak.

Dugun auzia ez da euskararen erabilera erosoa, baizik eta erabilera bizigarria izatea. Eta erabilera bizigarriarena hizkuntza guztientzat erronka da. Gazteleraz edota frantsesaz ere, egin daiteke erabilera bizigarria. Hizkuntza horiek erabiliz, adibidez, beste hizkuntzekiko motibazio positiboa eta errespetua landuz. Bestela, gogoan hartzekoa da gaztelera eta frantsesa, beraien erabilera “erosoa” izanik ere, degradazio eta deshumanizazio bide batean sartuak daudela. Ez direla hizkuntza normalizatuak, botereen eskutan hizkuntza zeharo anormalizatuak baizik. Inor ez da tentsio-erosotasuna egoeratik libre.

F) Eragileak

Dokumentua sinatzera gonbidatzen du Euskalgintzaren Kontseiluak. Gizarte eragileak (normalizazioaren prozesuarekin konprometituak) deituak daude. Horiekin eztabaidatu, adostu, eragin, konpromisoak hartu… Eta ondoren, adostasun politikoa lortu eragile politikoekin. Hau da, eragile sozialek lantzen dute dokumentua, gizarteratzen dute egitasmoa… eta gero eragile politikoek dute hitza: onartu, erdizka onartu edo baztertu.

Dokumentuaren diskurtsoan kalitatearen (bizitzaren) auzia baztertua dago. Kalitatearen (hizkuntzarekiko motibazioaren, ezagutzaren eta erabileraren…) eremutik at, berdinak lirateke gizarte eragile guztiak. Hizkuntza-bizipenaren ikuspuntutik ez da horrela. Gehien ematen duena, gutxien eskatzen eta gehien erakartzen duena da. Erakarpen indarraren bidea ez da kontsentsu zabalenari egokitzea eta amore ematea.

"Adostasun zabalena (gizarte eragileena eta eragile politikoena) lortu nahi bada, ez ote du horrek urtuta dagoen ardoa are gehiago urtuko? Erosoa izango da proposatzen den bidea? Edo liskarrez betea?"

Hala ere, eta aipatu berri dudan hutsune horretaz gain, proposatzen diren neurriak (dohaineko ikasketa, hezkuntzaren eremua, osasungintzarena, lan-munduaren euskalduntzea, kultura munduaren garapena, mundu digitalean esku hartzea, administrazioaren euskalduntzea…) aurrekontu itzela beharko lukete behar sozialak biderkatuko diren fase batean (langabezia, krisi sanitarioa, krisi klimatikoa, krisi energetikoa, generoen arteko berdintasuna…). Eta dokumentuaren proposamenak egikaritzeko beharko litzatekeen dirutza hori onuragarria izateko beharko luke jendetzaren babes argia edo dirua egitasmo zehatz horietan inbertitzeko motibazioa.

Gauden egoeran, adostasun zabalena (gizarte eragileena eta eragile politikoena) lortu nahi bada, ez ote du horrek urtuta dagoen ardoa are gehiago urtuko? Erosoa izango da proposatzen den bidea? Edo liskarrez betea? Edota elkarlanaren izenean eztabaidak ez du gaindituko kantitatearen muga (hiztunen kantitatea, erabilera kantitatea, jarritako diru-kantitatea, onartutako legedia, subentzioen kopurua…) eta ondoren muga horren barruan ezinbestekoak izango dira murrizketak?

Dokumentuak proposatzen duen lan-egitasmoa erabaki dezakeena gaur egungo instituzio politikoak dira (Jaurlaritza eta EAEko parlamentua; Nafarroako Gobernu eta Parlamentua). Albo batera utzita, horrek kokatzen gaituela menpeko egoeran (Espainiako edo Frantziako Konstituzioekiko haustura proposatzen al da?), prest egongo lirateke “eragileak” Jaurlaritzari kontuak eskatzeko proposatzen diren puntuak onartzen ez baditu? Entzungo dugu garrantzitsuagoa dela Hidrogenoaren Korridorea lan mundua euskalduntzea baino; garrantzitsuagoa dela pentsionisten soldata duina lortzea mundu digitala euskaratzen horrenbeste diru inbertitu baino; urgenteago dela kotxe elektrikoa; Europako dirua ez dagoela horretarako… Entzungo ditugu holakoak… Zer erantzun?

Baina hauxe da dokumentu honen beste hutsune garbi bat. Planak egiten dituela kontuan hartu gabe zein garaietan gabiltzan. Beste hutsune bat boterearen (bizitza aurretik sistemaren iraunkortasuna bermatzen nahi duen boterearen) eskutan uztea dokumentuan proposatzen diren egiteko nagusien gauzapena.

G.- Boterea eta hizkuntz komunitatea

Gaur egungo botere-sistemak, boterearen zerbitzura erabiltzen ditu hizkuntza-komunitateak. Bere metodoa da legea, zigorra eta dirua. Eta aukeren arabera hizkuntza batzuk degradatzen ditu, botere-hizkuntzak bihurturik, eta beste hizkuntzak desagertzera kondenatzen ditu.

Boterea ez da gai hizkuntza-komunitatea eratzeko. Ez dagokio, ez du inoiz horretaz pentsatu eta ez da bere eginkizuna. Gehienbat eskubide batzuk ontzat eman dezake, agian diru bat horretara zuzendu dezake, lege batzuk egin, beti ere sistema global eta estatalen muga-hesi itogarrien barruan. Ilusio faltsua litzateke pentsatzea Jaurlaritza edo Nafarroako Gobernua edo Iparraldeko Erakundea direla edo izan daitezkeela euskararen normalizazioaren prozesuaren gidariak. EAEko autonomiaren esperientziarekin, hizkuntz komunitatearen desegituraketari buruzko irudi faltsu bat eraiki da. Ez da botere politiko, edo dirua, edo legeen kontua, edo prestigio politiko-sozialaren kontua.

Hizkuntz komunitatea, berriz, beste modu batez funtzionatzen du. Beste modu batez eratzen da. Gidaritza ez da hauteskundeetan edo aklamazioz osatzen. Kontzientziaren bulkadaz osatzen dira euskararen zelula biziak, biderkatzeko barneko indarra-energiarekin. Ez al zen antzeko zerbait gertatu 60-ko hamarkadan? Inork ez zuen berpizkunde haren gidaritza hautatu. Euskararen bizitzarekin konprometituenak, lan izugarri eginez, maila bereko asmoekin bat zetozenekin adostasuna lantzen (intelektuala izan, edo auzo bateko ikastolaren sortzaile izan; apaiza-fraide edo komunista izan; gizon filosofoa edo “andereño” izan…).

Euskal Hizkuntz-Komunitatea, ahalegin asko egin badira ere, ez dago gaur egun konpaktatua. Oraindik desegituratua dago. Hizkuntza komunitatearengandik urruntzen doazenak gehiegi dira…, erakarpen indarra eskasa da. Hori da, dugun arazorik larriena eta horri heltzea gaur egungo eginkizun apasionagarria.

Aipatu dut gorago euskararen bizigarritasuna bermatzeko baldintzarik nagusiena, hizkuntza-komunitatearen konpaktazioa edo konpaktazio bidean egotea dela. Eta puntu honetara iritsita hitza ematen diot nire lagunari. Euskararen gerorako garrantzitsua den ideia da eta gazteleraz idatzita dago jatorriz. Esker onez euskarara itzuli dut:

"Konpaktazioaren baldintza eraginkorra, Akilesen orpoa, hauxe da: -Espazioa denboraren baitan kokatzea; erabilera linguistikoaren espazioak denbora presentearen benetako beharrekin lerrokatzea. Eta teoria honetan denbora presentearen benetako premia definitzen da, argi eta garbi, honela: planetan Bizitzaren iraunkortasuna bermatzea eta sustengatzea. Horixe bait da jokoan dagoena. Baina "Bizitza" diogunean, ez dugu esaten edozein moduko bizitza, defentsiban, irrazionalitate eta suntsipenaren ekaitzari itzuri egiten saiatzea. Esaten dugu mundua berreskuratzea, sufrimendua, mina eta heriotza ez daitezen gehiago gizakien zama izan, eta horren ordez, baldintzak (pertsonalak eta sozialak) sortzea gure bizialdia munduan, harmonia eta zoriontasuna sortzeko ditugun ahalmenen garapen etengabetik abiatuta, esperimenta dezagun", (Margenes de Encuentro. José Mari Sánchez Carrión. Txepetx)