argia.eus
INPRIMATU
Euskalgintzaren Kontseiluaren norabideaz (II)

Joseba Barriola 2021eko ekainaren 17a

(ARGIAren oharra: Testuaren luzera dela-eta, hiru zatitan argitaratuko dugu Joseba Barriolaren lana. Honakoa duzu bigarren zatia, irakurle. Lehenbizikoa, hemen)

 

C) Kokapenaz

Nola egin hizkuntza-politika eraginkorra, aurrerakoia, Espainiako eta Frantziako konstituzio linguistikoak aipatu-salatu gabe? Nola egin hizkuntza-politika eraginkorra eta aurrerakoia Kapitalaren Merkatu Globalizatua (komunikabideen jabetza eta kontrola, digitalizazioaren erraldoien praxis linguistikoa...) aztertu eta salatu gabe?

Hizkuntza-politika aurrerakoiak sustatzeko aurkezten den egitasmoa, proposatzen diren erabaki nagusietan, instituzio autonomikoen espaziora murrizten da. Eta ezin da murriztu Euskararen lurraldera (zazpi probintziak), euskararen bizitza lotua dagoelako beste hizkuntzekiko harreman orekatuekin. Eta ezin da murriztu euskararen gramatikaren erabilpenera. Auzia ez da gramatikala, auzia bizitzarena da hizkuntzaren bizitzarena eta bizitza osoaren bizitzarena. Horretarako, funtsezkoa ez da gizarte eragilea izatea, bizitza eragilea izatea baizik. Ez baitira berdinak. Hau da, hizkuntz kontzientzia bizitzaren kontzientziaren parte da. Eta ez badoaz loturik, hizkuntza degradatzen da edo bizitza hitzik gabe geratzen da.

a) Ikuspegi planetarioa: Mundu globalizatu honetan, inoiz baino gehiago, korporazio multinazionalen politika linguistikoa, estatu eta partidu politiko ia guztien ez-kontzientzia linguistikoarekin batera, glotofagikoa da. Frantziako eta Espainiako konstituzioak eta garapen legala eta arauak, eta Estatu horietako sistema linguistiko sozial praktikoa (komunikabideak, digitalizazio-prozesuaren kontrola, irakaskuntza (haur eskolatik unibertsitateraino), aisialdia, lan mundua, errepresio sistemak, politikagintza...) dena antolatua dago desberdintasunaren irizpideen arabera eta ikuspegi linguistiko neo-darwinistaren arabera: hizkuntzen arteko lehia eta borroka, hoberenak (indartsuenak) irabaz dezan.

Hizkuntzak, boterearen aldetik, erabiltzen dira giza bizitza eta aniztasun biologikoa eta ekosistemak suntsitzeko eta kontzientziak “ez-behar” horretara etsipenez egokitzeko. Eta kontestu horretan, bizitza biologikoaren aniztasunaren seigarren desagertze masiboan gauden bezala, bagaude ere giza hizkuntzen lehen desagertze masiboaren garaietan eta boteretsuak diruditen hizkuntzen degradazioaren garaietan.

"Zer nolako jarrera sustatzen da arabierari, errumanierari, kitxuari, wolofari, guaraniari buruz... Dugun altxor linguistikoarekin zer egiten dugu?"

Euskara, beste milaka hizkuntza bezala, egoera larrian dago. Gizakien hitz egiteko ahalmenaren degradazioa areagotzen ari da martxa bizian. Hizkuntza "boteretsuenak", botereen hizkuntzen erabilera anormalarekin, degradazio bidean sartuak daude.

b) Euskal Herriko panorama. Bizi garen lurraldean, Euskararen Lurraldean, hizkuntza asko hitz egiten dira. Aniztasun linguistikoa gurean dago. Denak dira baliotsuak eta gure giza-garapenerako aberasgarriak izan daitezke. Baina hizkuntza horien egoerak desberdinak dira.

***Gaztelera eta Frantsesa egoera anormalean daude. Hizkuntza horien dominantea den erabilera publikoa harrokeriaz, besteekiko mespretxuz, gezurrez eta pentsamendu bakarraren inposizioz beteta dago. Estatuen hizkuntzak ez direnak, konstituzioen arabera, edo ez dira legalki existitzen (Frantzian) edo bigarren mailakoak dira. Espainiako lurraldean dauden eskola gehienetan ez da aipatu ere egiten euskararen existentzia, are gutxiago lantzen da euskararekiko oniritzia, Espainiako Parlamentuan debekatua dago euskaraz hitz egitea, estatu mailako jarduera guztietan euskara baztertua dago (baita mugimendu sozial eraldatzaileetan ere). Politika linguistiko estatal guztiek (instituzio politikoen edo komunikabideen edo multinazional espainolenak izan) inbaditzen dute euskararen lurraldea, eta aski eroso gainera. Euskara territorialki mugatua dugu eta etengabe inbaditua "normalidade" osoz bizitzako eremu guztietan.

*** Euskarari dagokionez: Instituzio politiko autonomoei dagokionez erabaki funtsezkoenetarako eskumenik ez dago, eta har daitezkeen iniziatibak (euskararen legea, eskolako ereduak, subentzio politikak, administrazioa euskalduntzeko plangintzak...) muga baten barruan (merkatuak eta gobernu estatalak jartzen dituen mugen barruan) eta sistema biozida kolokan jarri gabe, garatu daitezke. Euskara ofizialki hauspotzen da sistemaren balioak, ezagutzak eta erabilerak errepikatzeko.

Eta aldiz, euskaldun norbanakoen sormen kritikoa eta euskal hizkuntz komunitatearekiko pertenentzia eta horren bidez gizadiaren eta bizitzaren parte izatearen kontzientzia ahul dago, desegituratua, erakarmen indar ahularekin?

*** Gainontzeko hizkuntzei dagokionez: zer nolako jarrera sustatzen da arabierari buruz, errumanierari buruz, kitxuari buruz, wolof-ari buruz, guaraniari buruz... Dugun altxor linguistikoarekin zer egiten dugu? Sustatzen al da hizkuntza horien transmisioa jatorri horietako gurasoen seme-alabei, bihurtzen al dira hizkuntza horiek eskoletan ezagutza-gai eta jolas-gai… Zer nolako kontsiderazioa lantzen da hizkuntza horiekiko. Ez al da hau ere (munduko hizkuntza guztiekiko- gaztelera eta frantsesa barne-- estimazio-jarrera), politika linguistiko aurrerakoi baten funtsezko ezaugarria?

Kokapenaren punturik funtsezko bat ez da aipatzen. Nola aurkitzen da Euskararen hizkuntz-komunitatea proposatzen den bide horretan aurrera egiteko? Hiru aldiz agertzen da dokumentuan “hizkuntz-komunitatea” hitza, (“duintasuna erasotua”, “giza eskubideak kaltetuak”, “hizkuntz komunitate gutxitua”) baina ez da ezer esaten bere egoeraz.

D) Printzipioak

Berdintasuna (hizkuntzen berdintasuna, kasu honetan) gizarte berri bat eraikitzeko parametroetakotzat hartzen da. Zer ulertzen da “berdintasunaz”? Berdintasuna hizkuntzen izaeraren ezaugarria da. Hizkuntza guztiek balio dute giza-aberea osatzeko. Hizkuntza guztiek bere aniztasunean dira giza-gogoaren ahalmenaren adierazpena. Hori da bere funtzio gorena, eta horri dagokionez, berdintasuna izaerazkoa da.

Hizkuntzen egoera, ordea, ez da berdintasunezkoa. Ez dakit dokumentuak, printzipioen atalean “berdintasuna gizarte berri bat eraikitzeko…” dioenean zertaz ari den. Argitu beharra dago. Gazteleraren edo Frantsesaren egoerarekiko berdintasuna? Zer esan nahi du arabiarraren, guaraniaren, errumanieraren edo wolofen egoerarekiko berdintasunak? Hizkuntza-berdintasuna eta hizkuntza-eskubideak norentzat aldarrikatzen dira? Euskararentzat soilik edo gure herrian dauden hizkuntza guztientzat? ….

Printzipioen atal honetan, aurrekoa esan ondoren (“bereizkeria alboratu eta berdintasuna bermatzeko politikak abian jarri beharko dira”), hizkuntza-politikaren ezaugarri orokorrak azaltzen dira. Hizkuntza-politika saihetsezina da, zeharkakoa da, orekatua da, sozial eta politikoa da.

***Hizkuntza politika saihetsezina da, beti egiten da…baita egiten ez denean ere. Hortik ateratzen den ondorioa ez da logikoki egokia. “Hortaz, hizkuntza politikaren inguruko neurririk ez hartzea ere egungo egoera mantentzearen aldeko hizkuntza politika egitea da”. Bai, baina… Nork ez du neurririk hartzen? Agian Madrilgo eskoletan eta unibertsitateetan euskararen existentziaren berri ez ematea eta presentzia ez izatea ez al da neurri bat? Baina bestalde, neurriak hartzeak ez du esan nahi onerako direnik, izan bait daitezke euskararen aldeko hizkuntza politikako neurriak, aski kaltegarriak direnak.

***Zeharkako politika da: industrian, lurralde antolaketan, aisialdian… “Politika guztietatik egiten da hizkuntz-politika”. Bai hola da. Baina giltzarria da aztertzea zeharkako politika linguistiko horietatik elikatzen diren edukiak euskararen eta hizkuntzen bizitasuna lantzera zuzenduak dauden.

***Politika orekatua behar du izan, eta ondorioz eskolarekin ez da aski lan-mundura (dendak, ile-apaindegiak, armak egiteko fabrikak, turismoa, hidrogenoaren korridorea…), eta mundu digitalera, eta aisialdira eta… ez bada jauzia egiten … Bai hola da. Baina, espazio fisikoaz ari gara, eta aldi berean ez da agertzen hizkuntzen funtzioen eremua. Eta, gaur egun, mundu osoan, eta baita noski gurean ere, euskararen munduan, funtzio linguistiko printzipalena, kolapso bidean dagoen gizadiarentzat, suntsitzen ari den giza bizitzaren--bizitza aniztasunaren--hizkuntz aniztasunaren defentsarako osagaia lantzea da.