Hainbat gizarte eragilek manifestua aurkeztu dute maiatzaren 7ko Iruñeko manifestazioarekin bat eginez, eta bat egiteko deia luzatu diete eragile eta norbanakoei. Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika salatu dute. “Politika inklusiboak behar dira, herritar guztien eskubideen bermea ardatz izango duten politika feministak, inklusiboak, ekologistak, solidarioak, aurrerakoiak… bai eta hizkuntza-politikan ere”.
Asteazkenean egin dute agerraldia Iruñeko Zabaldi etxean zortzi mugimendu herritarretako ordezkarik: Auzoak Iruñeko jai batzordeen plataforma, Geltoki ekonomia sozial eta solidariorako proiektua, Saharako Kabiak elkartea, Teatrolari antzerki eskola, ONEKA emakume pentsionisten plataforma, Mugitu! mugimendu ekologista, Nafarroako Neska* Gazteak, Nafarroako Bilgune Feminista, Orreaga fundazioa eta Nafarroako Ernai. Aurkeztu duten manifestuarekin bat egitera deitu dituzte herritarrak eta eragileak, Kontseiluaren manifestazioa indartzeari begira. Manifestuari atxikimendua nafarroa@kontseilua.eus helbidera idatzita eman dakioke.
Bazterretik erdigunera, hizkuntza arloan ere
“Eremu desberdinetan lan egiten dugu, baina ,helburu bakarra dugu: gizarte justu, kohesionatu eta berdinzaleagoa eraikitzea. Hau da, inor bazterrean utziko ez duen gizartea”, adierazi dute agerraldian. Eremu horietan guztietan, gutxitutakoen behar eta eskubideak “ertzetatik erdigunera” bideratzeko garaia dela iritzi diote, “hizkuntzaren esparruan ere, ez dugulako herritarrak gutxiesterik nahi, hizkuntzaren esparruan ere guztiontzako eskubideak aldarrikatzen ditugu”
Manifestuaren sinatzaileek “harridura” adierazi dute Nafarroan euskaldunek bizi duten “egiturazko bereizkeria” dela eta. “Ulergaitza ez ezik, ulertezina ere egiten da eskubideak eskualdearen arabera aitortzea”, azaldu dute. Nafarroako Gobernua administraziorako prestatzen ari den dekretuarekiko kezka adierazi dute: “Ofizialak eta berezkoak ez diren hizkuntzei berezko hizkuntzari baino garrantzi handiagoa emango zaie".
Gutxituen arteko zubiak eraiki
“Ertzetan gaudenok elkarrekin hartu behar dugu erdigunean dagokigun, erdigunean zor zaigun lekua”, dio manifestuak. Gutxitutako kolektiboen artean “aliantzak” eta “zubiak” eraikitzeko garaia dela adierazi dute, oraingoan euskararen alde, eta bihar beste aldarrikapen baten inguruan: “Seguru gaude, bide honi jarraituz, berandu baino lehen berriz ere agertu beharko dugula modu kolektiboan beste esparru batean egoera gutxituan dagoen kolektiboaren alde, eta egingo dugu”.