argia.eus
INPRIMATU
Euskalgintzaren Kontseiluak dio euskara “mespretxatzen eta gutxiesten” duela Nafarroako Kontseiluak
  • Eremu mistoko Osasunbideako zerbitzuetako lanpostuetan euskararen ezagutza meritu gisa baloratu ahal izatearen aurka agertu da Nafarroako Kontseilua azken irizpen batean. Otsailaren 21ean eman zuen argitara. Aldiz, ingelesa, frantsesa eta alemanaren ezagutzak puntuatzen du lan-deialdian, "Europako Batasuneko hizkuntzak direlako".

ARGIA @argia 2024ko otsailaren 29a

"Nola da posible Europar Batasuneko hizkuntza diren ingelesa, frantsesa eta alemanaren ezagutza merezimendu orokortu bezala onartzea, baina ez Nafarroako berezko hizkuntza den euskara?", galdegin du prentsa oharrean Euskalgintzaren Kontseiluak. Gauzak horrela, Nafarroako Kontseiluaren irizpena "mespretxagarria" dela salatu du, eta euskararekiko "gutxiespen onartezina" adierazi.

"Ebazpenean islatzen den euskararen mespretxua eta herritarren gutxiespena onartezina da", jarraitzen du oharrak. Nafar guztiek euskaraz bizitzeko eskubidea dutela defendatzen du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta, beraz, Nafarroako erakundeek herritarren eskubideak ez ezik, berezko hizkuntza bermatzeko betebeharra dutela dio.