argia.eus
INPRIMATU
Euskalerria Irratia: 30 urte eta gailurrean
  • Euskalerria Irratiak atzo ospatu zuen bere 30. urteurrena Iruñeko Kafe Zentral Antzokia betez. Bertan bildu zuen bere komunitate sendoa: langile, kolaboratzaile, iragarle, bazkide eta entzuleak, besteak beste.

Xabier Letona Biteri @xletona 2018ko azaroaren 08a
Zentral Antzokia bete zuen Euskalerria Irratiak, bere 30. urteurrenean. (Arg.: Euskalerria Irratia)

Aste osoan zehar egunero toki desberdin batetik ekin diote goizeko magazinari, astelehenean esaterako Patxi Huarte marrazkilariaren etxetik –bera izan zen irratiko lehen teknikaria– eta atzo Gazteluko Plazako kioskotik. Goibel hasi zen eguna Iruñean eta Mikel Bujanda zuzendariak irratian bertan gogoratu zuen 1987ko azaroaren 7 ura ere halaxea hasi zela. Harrezkeroztik ari da Bujanda irratian eta ekitaldian azpimarratu zuenez, “orduan ekin genion Iruñerriko euskaldunen komunitateari zerbitzua ematen eta horretan jarraitzen dugu gaur egun ere”.  

Azken 30 urte hauetan, era guztietako oztopoak izan ditu Euskalerria irratiak eta lizentziarik gabe jardun behar izan du 2016ra arte. PSNren eta UPNren gobernuek –bereziki azken honek–  etengabe oztopatu dute bere ibilbidea, legezkotasuna, diru-laguntzak eta publizitatea ukatuz.

Horrek guztiak behartu du estrategia komunitario sendoa bideratzera eta urte hauetan Iruñerriko euskal komunitatearen sinboloetako bat ere bilakatu da. Gaur egun dozena bat lagun ari dira bertan lanean, 200 bat kolaboratzaile ditu, publizitate sare zabala eta mila bat bazkide. 8.000 bat entzule ditu eta azken laupabost urteetan webgune sendoa bideratzea ere lortu dute.

Musika protagonista

Berri Txarrak-eko Gorka Urbizu akustikoan aritu zen lau abesti eginez. Abeslariak gogoratu zuen berak ere egin zuela musika saio bat irratian eta agian ekitaldiko unerik hunkigarrienetakoa ekarri zuen, abestietako bat 2014an hil zen irratiko teknikari Ibon Gaztanbideri eskaini zionean.

Lehenago aritu ziren elkarrekin diskoa prestatzen ari diren Joseba Tapia eta Ion Celestino eta Nerea Erbiti; eta hauen aurretik jo zuten Edozein Bi taldeko kideek: Emausko Raperoetako Ritxek eta Soñadores natos taldeko Aingeruk.

Kronikagilearen ondoan batek aipatu zuen ea ekitaldiari ez ote zitzaion falta izan hunkigarritasun puntu bat, eta beste batek esan zuen ez dela erraza hori behin eta berriro lortzea. Hirugarrenak gehitu zuen Barañaingo auditorioan duela 10 urte egindakoak bai izan zuela puntu hori. Eta laugarren batek gaineratu zuen lizentzia zela eta ordukoak garai epikoagoak zirela.

Edozein kasutan, ekitaldiaren izaeraz halakoetan ohikoak diren iruzkinez gain, Euskalerria Irratiak berriz erakutsi zuen ordubeteko ekitaldia irratiko denborekin kontrolatzeko duen gaitasuna. Eta garrantzitsuagoa dena, komunitate aberats eta sendoa biltzeko duen erraztasuna: era guztietako instituzioetako agintariak, alderdi eta sindikatuetako ordezkariak, herri mugimenduetakoak…  edo besterik gabe, kolore askotako euskaltzale eta irratizaleak. Irratiko arduradunek harrotasunez diote hiri eremuan tokiko euskarazko irrati arrakastatsuena izatea lortu dutela eta ez zaie arrazoirik falta.

30 urte beti da asko, batez ere bidean izandako baldintzak kontuan hartuta. Eta garrantzitsuena, azken urteetan jorratutako ibilbidearekin, esan liteke irratia bere gorenean dagoela. Etorkizunari ekiteko posizio bikaina.

Irratiko egungo lan taldea. (Argazkia: Euskalerria Irratia)

Gorka Urbizuk lau abesti jo zuen. (Argazkia: Euskalerria Irratia)

 

Joseba Tapia eta Ion Celestino eta Nerea Erbiti. (Argazkia: Euskalerria Irratia)

 

 

Edozein bi taldea. (Argazkia: Euskalerria irratia)

 

Asteazken goizean Gazteluko Plazako kioskotik egindako saioa,
argazkian Juan Luis Etxaburu 'Ondarru', Sagrario Aleman eta Oskar
Zapatarekin