argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoan euskara ikastea doan izateko neurriak iragarri ditu EH Bilduk
  • Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduko hautagaiak azaldu du helduen euskalduntzea doakoa izateko urratsak emanen dituztela hurrengo legegintzaldian.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko apirilaren 13a
Xabier Olano Gipuzkoako zerrendaburuaren ustez ez da diru asko behar helduen euskalduntzea doan izatea ziurtatzeko.

“Gipuzkoan euskara ikastea erabat doakoa izango da datorren legegintzaldian. Eusko Jaurlaritzak dagozkion dirua eta bitartekoak jarri ala ez. Ipintzen ez baditu, guk ipiniko ditugu”, adierazi du Olanok.

Gipuzkoa osoan helduen euskalduntzea doan izateko “dirutza handirik” ez dela behar nabarmendu du EH Bilduko hautagaiak. Hori dela eta, Jaurlaritzari dei zuzena egin dio: “Helduen euskalduntzearen arloan, beketan bere urteko aurrekontua soilik milioi batekoa da. AHTren 70 metro eraikitzea ala euskara ikasteko doakotasuna; lehentasunak argitu ditzala”.

Azken bi urteotan ia mila ikasle berri matrikulatu dira Gipuzkoan euskara ikasteko. Olanoren aburuz, horrek zerikusi handia du emandako "erraztasun eta laguntzekin", baita Diputazioak aurrera eramandako politikekin ere: “Euskararen normalizazioa lortzeko funtsezkoa da helduen euskalduntzea, euskaraz bizi ahal izateko guztiok euskara ezagutzea beharrezkoa baita”.