Noiz arte da pertsona bat euskaldun berria? Zenbat urtera ematen dute euskaldun zaharraren diploma? AEK-ko ikasle askok izaten dute zalantza bera; bada, Gasteizko Marixa Oses eta Mikel Saenz ikasleek soluzioa aurkitu diote. Ez dira ez berriak, ez zaharrak: euskalduntxarrak dira. Euskara ikasgelatik atera behar zutela ikusi zuten, eta Hala Bedi irratiko mikrofonoen aurrean jartzea izan zen mingaina askatzeko behar zuten aitzakia. Azaldu digute Euskalduntxarrak izeneko irratsaioak euskarazko harreman sarea egiteko eta euskaraz dibertitzeko balio izan diela, besteak beste.
Irratiko mikrofonoak errespetua ematen die gehientsuenei, are gehiago erabili beharreko hizkuntza menderatzen ez dutenei, baina Marixa Osesek eta Mikel Saenzek diote euren irratsaioko partaideak nahiko lotsagabeak zirela, eta Hala Bediko uhinek eman zietela euskaraz mintzatzeko behar zuten askatasuna. AEKn ikasten ari zirela, ikusi zuten klasetik kanpora atera behar zutela euskara; esan eta egin, Euskalduntxarrak irratsaioari ekin zioten.
“Euskaldun zaharrak? Eeeez. Euskaldun berriak? Eeeez. Orduan, zer demontre gara? Euskalduntxarrak!”. Horrelaxe hasten zuten irratsaioa, umorez, eta halaxe jarraitzen zuten: Gasteizko albisteak, elkarrizketak, txiste errondak, gogoetak, AEK-ko irakasleren baten lezio informalak, eta beste hainbat kontu izaten zituzten asteroko programan, beti ere ondo pasatzea helburu. “Graziosoa zen, akatsak egiten genituelako”, deskribatu du Osesek. Euskarak edozertarako balio duela erakutsi zuten, 2015ean hasi eta 2020an jarraipenik gabe geratu zen irratsaioan, besteren artean pandemia dela-eta.
Euskaraz egitea kostatzen zitzaien, baina “euskalduntxar” izatearen babesean, akatsak egiteko beldurra galdu zuten, eta presioa kendu. “Hasi ginen konturatzen irratsaiora etortzen ziren gonbidatuek ere ez zutela egiten euskaltegian ikasten genuen euskara batua. Euskaldun zaharrek ere ez dute guztiz zuzen egiten euskaraz, eta lotsa galtzeko beste arrazoi bat izan da hori”, aitortu du Saenzek. Euskaldun zaharraren diploma ez da garrantzitsuena, hortaz.
Euskara, erlazionatzeko
Mintzapraktikarako baino, harremanak eta esperientziak izateko balio izan die Euskalduntxarrak saioak. Izan ere, momentuko hizketaldiaren atzean dagoen guztia euskaraz egitera ohitu ziren: albisteak prestatu, elkarrizketatzaileak lotu, batarekin eta bestearekin geratzeko hitz egin... Eta, nola ez, taldean egiten zituzten afari eta festak ere euskaraz dira. Gainerako harremanak gazteleraz zituztenez, azpimarratu dute garrantzitsua izan dela lehen momentutik euskaraz sortu den lagunarteko sarea egitea.
Izan ere, Osesek dio zaila dela hizkuntza batean hasi duzun harremana beste batera aldatzea, eta joeragatik, nahiz eta euskaraz jakin, gaztelerazkoak izaten segitzen dutela elkarrizketek. “Baina txipa aldatuta lortu daiteke”, erantsi du Saenzek. Bere kasuan, esfortzuaz eta “burugogorkeriaz” lortu du hizkuntza-ohiturak aldatzea. Txikitan gaztelania soilik jaso zuen, baina euskara ikasten hasi eta zazpi urtetan guztiz aldatu zuen hizkuntza; anaia bikiarekin ere, zeina betidanik gazteleraz ezagutu baitu, egun euskaraz egiten du. Hautua egin zuen, eta gauzatu.
Osesek ere gaztelera jaso du jaiotzetik: “Nire amamak bazekien euskara, baina ez dakit zergatik nire amari ez zitzaion iritsi”. Transmisioa berreskuratzea erabaki zuen Osesek, eta hainbat urtetan euskara ikasten jardun du. Halere, nabari du praktika falta euskaltegia eta Euskalduntxarrak utzi zituenetik. Ohartzen da erabili ezean galdu egiten dela, “denboraren poderioz” –esaera batzuk ondo ikasita ditu–. Nahiz eta inguruko harremanak gazteleraz izan, gogorarazten du beti dagoela prest euskaraz egiten saiatzeko: “Beti esaten diet ikasten ari naizela eta kostatzen zaidala, baina saiatzen naiz”.
Klasetik kalera
Harro daude euskalduntxar izateaz, behar zuten bultzada eta babesa eman zielako irratsaio eta talde hark. Korrikan ere hurbilagotik ezagutzeko aukera eman die, eta antolaketan edo euskararen alde korrika, biek hartu dute parte. 21. Korrikan, esaterako, euskalduntxarrek eraman zuten lekukoa Hala Bediren kilometroan. Saenzek zehaztu du asko aldatu dela Korrika bizitzeko era AEKn euskalduntzen hasi zenetik: "Txikitan ikusten genuen pasatzen, baina, orain, jakinda zergatik eta nola antolatzen den, askoz gehiago betetzen nau".
Euskaltegitik kalera atera zuten hizkuntza, eta gainerako ikasleak animatu dituzte berbera egitera. Gaizki edo ondo, baina euskaraz.