argia.eus
INPRIMATU
Euskalduntasunaren gaineko zergak
  • "Sentitu al duzu inoiz konplexurik euskaraz hitz egiterakoan?" hori izan zen lagun mordoxka bati luzatu nion galdera, konfiantzakeriaz. Bueltan erauntsia etorri zitzaidan eta gaur hasiko den seriean aletuko ditut erantzunak. Ondorio bat eta bakarra —hasieratik aitortzen dut esku hutsik heldu naizela—: gaiaz aritzeko beharra badugula.

Maialen Sobrino López @maia_lehen 2022ko urriaren 12a
Irudia: Prettysleepy.

Hitzez hitz dakartzat aipuak eta, izanak ez bezala, izenak asmatu ditut badaezpada. Badaezpadak behar ditugula uste dut beraz, egin kontu. Hemendik aitzin irudikatu, faborez, nork gorpuzten dituen zuen inguru hurbilean aipuok.

Aurorak bota zidan: "Orain ez dut inolako konplexurik izaten, baina txikitan hainbat iseka jasaten genuen baserritar euskaldunok eta txarto sentitzen ginen". Horra 35 urtez azpiko euskaldun gehienok aurrez-aurre aditu ez dugun gure historia hurbilaren zati bat.

Gaztaroaren ildoari jarraiki, hauxe da Garaziren kontakizuna: "Gogoratzen naiz karreran, adibidez, hemengoak bost ginela, gehienak giputzak ziren, bizkaitar asko ere bazeuden, herrietakoak, eta konplexua sentitu nuen nire euskara pobreagoa zelako: jariotasun eskasagoarekin sentitzen nintzen, lotsa ematen zidan klase aurrean hitz egiteak... bai, sentitzen nuen nire euskararen kalitatea, besteenarekin alderatuta, txikiagoa zela. Juergan eta Ibilaldira joaten nintzenean edo Kilometroak batera, segun eta norekin, euskalkian egiten bazidaten, adibidez, bigarren mailako euskalduna sentitzen nintzen. Gaztaroan sentitu nuen konplexua, batez ere. Gero, adinean gora egin eta, beste konplexu asko bezala, baretzen joan zen. Egia da euskara gaitasuna lortu ahala batzuetan ateratzen zaizkidala horrelako hitzak, nik zer dakit, "egikaritu" edo "hezurmamitu", eta konturatzen naiz integratu ditudala nire hiztegian. Batzuetan lotsa sentitzen dut botatzeagatik, pedanteegia izango balitz bezala, baina halere erabiltzen ditut. Agian ez da lotsa, besterik gabe pentsatzen dut aurrekoak hori sentitu duela". Garazi batzuk Auroren bilobak dira; bigarren mailako herritar izatetik bigarren mailako euskaldun izatera egin dugu bi belaunalditan. Eta, ez dezagun atzendu: Garaziak dira gehiengo gaur egungo eta, batez ere, etorkizuneko euskaldunen artean. Aduana-zerga garestiegia da, nire ustez, baina erruak, ardurak eta barkamenak banatzeaz harago, badugu eragiterik, ekiterik. Hots, berandu da, baina ez beranduegi Garazientzat.

Azken ahotsa Irenerena da: "Noski sentitu dudala konplexua euskaraz hitz egiterakoan! Baina euskaldunen artean sentitu dut, ez ditudalako hizkuntzak ondo menderatzen, oro har, horretaz kontziente naiz. Eta lanean bertan konplexurik handiena, non edukiko dut nik bestela konplexua? Batzuetan badakit akatsak egiten ditudala eta lan egiten dudan erakundean hori ez dela onargarria, horregatik nahiko akonplejatuta bizi naiz alde horretatik". Euskararen biziberritzerako funtsezkoa da lan arloan eragitea, ezbairik gabe. Horregatik, preseski, da bereziki kezkagarria euskara hegemonikoa den lantoki urrietan halakoak pasatzea, bertan ere gai ez izatea denok euskaraz lasai aritzeko guneak sortzeko. Akaso pareko mekanismo batekin errazago ulertuko da. Badakigu egungo eta hemengo edertasun-kanonak diseinatuta daudela ezinezkoa izan dadin nahi bezain eder izatea, eta frustrazio horren eraginpean eros ditzagun mila produktu. Ezinezko edertasuna lortzen saiatzeak oinarrian du, zer eta kanonak berak sortzen duen autogorrotoa edo, gutxienez, konplexua. Ez ote gara ari halatsu eraikitzen euskalduntasun-kanona? Ez ote gara ari milaka Garazi eta Irene bultzatzen ezinezko euskalduntasuna lortzen saiatzera?