argia.eus
INPRIMATU
Euskaldunon aurkako oposaketarik ez! Euskaraz Bizi!
Euskal Herrian Euskaraz @EHEbizi 2014ko apirilaren 25

Beste behin ere, Nafarroako Gobernuko alderdiaren borondate politiko makurrari men, euskara erabat baztertzen duen Lan Deialdi Publiko berri baterako azterketa egingo da bihar, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren instalazioetan. Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile izateko lanpostua lortzeko xedearekin aipatu azterketara aurkeztuko direnek, ingelesa ezagutuz gero, erdietsitako puntuazioa ehuneko 10ean igotzeko aukera edukiko dute. Bejondeiela.

Aldiz, azterketara aurkeztu direnek euskara ezagutzeak, ongi menperatzeak edo zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna izateak ez dute azterketaren emaitzari begirako eraginik izango. Ez da kontu berria, ez da kasualitatea. Aspalditik datorren afera da, eta euskararik zein euskaldunik gabeko Nafarroa xede dutenen borondate politikoari zor zaio. Iaz, Nafarroako Gobernuak esleitutako Lan Deialdi Publikoetara aurkeztu ziren bi lagunek aipatu egoera errekurritu zuten administrazioaren aurrean. Lehenik Nafarroako Gobernura jo zuten. Honen isiltasunaren ondotik, Francisco Javier Eneriz Nafarroako Arartekoari helarazi zioten kexa. Berriki eman ditu ezagutzera, Enerizek berak, egindako ikerketaren ondorioak: bertako hizkuntza eta ofiziala den heinean, euskara atzerriko hizkuntzen gainetik baloratu behar da”.

Bistakoa da Nafarroako Gobernuak ez duela Arartekoari jaramonik egiteko asmorik, eta euskara Nafarroako bizitza publikotik zein bestelako eremu orotatik desagerrarazteko erasoaldian tinko jarraituko duela.

Halarik ere, EHEtik uste dugu eztabaida ezin dela egon azterketa baterako euskarak ingelesarekin konparatuz izan behar duen balioan. Arazoari irtenbidea emateko abiapuntu okerra da hori, gure uste apalean. Izan ere, euskara nahitaezko baldintza izan behar da euskal administrazio ezberdinetarako lanpostu publiko bat lortzeko tenorean. Bestela, ezinezkoa da herritarrek administrazioarekin zein euren egunerokoan euskaraz bizitzeko duten eskubidea bermatzea. Bestela, euskara eta euskaldunak enegarren mailakoak dira euskararen herrian bertan.

Nahita eragindako egoera honen gainean arduradun direnen zama alde batera eta bestera banatu duen ahotsik ere entzun dugu azkenaldian. Tristea da zeharo. Euskararen eta euskaldunon aurkako erasoek ez dute etenik. Aspaldiko bidean urrats berriak eginez, hauteskundeen bezpera luze honetan UPNren gobernutik eraso asko eta askotarikoak iristen ari dira, handik eta hemendik, izan diru-laguntzak, hedabide euskaldunentzako lizentziak, euskaraz ikastearen zein D ereduaren aurkako operazioak, bizikidetzaren izenean euskarazko elkarbizitzari biderik emango ez dioten parlamentuko ebazpenak, isunak, paisai linguistikotik euskara ezabatzea, berau baztertzen duten Lan Deialdi Publikoak edo dena delakoa. Eta, euskaltzaleok, hainbeste erasori erantzun ezinik.

Katearen kate-begi zahar bezain berria da biharko oposaketan gertatuko dena. Berau salatzeko, goizeko 08:30ean elkarretaratzea deitu dugu Euskal Herrian Euskaraz-ek eta Administrazioan Euskaraz Taldeak, “Euskaldunon aurkako oposaketarik ez. Euskaraz bizi!” lelopean, biharko (2014-04-26) NUPeko atarian.

Eraso berriari erantzun egingo diogu euskaldun eta euskaltzaleok, baina ez gaude erantzuteko soilik. Euskaraz biziko den herria eraikitzeko ere bagaude. Zentzu horretan, Nafarroak behar duen aldaketa aldarrikatzen duten ahotsei lotzen diegu geurea, erroko aldaketa behar baita Nafarroan. Kanpo esku hartzerik gabe, bertatik eta bertara erabaki eta garatuko dugun hizkuntza politika burujabeak behar ditugu behingoz. Norbanakoongan dago lehen gakoa, giltza. Euskaldun burujabe gisara jokatuz, euskaraz bizitzeko hautua egin eta euskararen alde egotetik euskararen alde egitera igaro behar gara. Gure egunerokoan aldaketa pertsonal txikiak emanda kontagiatuko ditugu gure ingurukoengan, aldaketa sozial kolektiboak erdietsiz. Horrek baino ez ditu mugiaraziko borondate politikoak, aldaketa politikoak eraginez. Eta aldaketa politikoetatik etorriko dira, nahitaez, euskara dagokion lekura eraman dezaketen aldaketa juridikoak: euskara euskal administrazioetako langile izateko ezinbertzezko baldintza izatea eragingo duten aldaketak, kasu.