"Erabil dezagun abenduaren 3a, euskararen eguna, euskaltzale kontzientzia politikoa sortzeko, pairatzen ditugun botere harremanak begi bistan jartzeko, zapalkuntzak eta aurpegi garbiketak seinalatzeko, erasoak eta erasotzaileak salatzeko". Mezu hori zabaldu dute Twitterren Euskaldunok Planto erabiltzailearen atzean dauden pertsonek. Gauerditik aurrera #EuskaldunokPlanto traola erabiltzeko proposatu dute mezu guztiak bateratu asmoz.
“Gaztelaniaz eman zuen hitzaldi baten ostean, behin galdera bat egin nuen euskaraz, eta hizketan ari nintzela ¡NO ENTENDEMOS! oihuka hasi ziren publikoko beste pertsona batzuk eta oso gaizki pasa nuen”.
Halako bizipenak eraso gisa identifikatu eta mahai gainean jartzea proposatu dute Euskaldunok Planto erabiltzaileek biharko, euskaraldia bere azken txanpan sartuta dagoen honetan, "Euskararen eguna edukiz betetzera" deituz. "Euskaldunon zapalkuntzak dirauen bitartean, abenduaren 3a borroka eta salaketa eguna", izendatu nahi dute.
Pribatuan zabaldu duten lotura batean azaldu dute kanpaina eta bertan jakinarazi dutenez, Donostia inguruko talde bat da. "EH osoko euskaldunei dei egiten diegu euskaraz bizitzen saiatzean jasaten dituzten mikro eta makro erasoak identifikatzera", adierazi dute.
Tipologia ezberdineko zenbait adibide jarri dituzte erasoak identifikatzen laguntzeko: gutxiespenak, mehatxuak, xantaia emozionalak, bazterkeria, diskriminazioak, babesgabetasun egoerak, umiliazioak, inposaketa, eta beste.
Zenbait adibide jarraian: “Euskaraz hobeto moldatzen naiz. Aurkezpen batean gaztelaniaz hitz egin nuen. Nire hizkerarekin, azentuarekin eta zailtasunekin txisteak egin zituzten”; “Nire amak ez daki euskaraz, haren gurasoek ez ziotelako hizkuntza transmititu, haiek jasan zuten sufrimenduagatik”; edo “Auzokideen whatsapp taldean euskaraz idatzi dut nire iritzia. Batzuek ez dutela euskaraz ulertzen eta gaztelaniaz denok dakigula esanez itzulpena egiteko exijitu didate”.
Mezuaren amaieran, "mugimendu euskaltzale errebelde, indartsu eta borrokalari baten alde" daudela adierazten dute.