argia.eus
INPRIMATU
Euskaldunen kontrako pintaketak egin dituzte Baionako Nestor Basterretxearen eskulturan
  • Eskuin muturreko ekintzaileei leporatu diete eskultura bandalizatu izana: Hau kaka euskalduna da idatzi dute frantsesez, eta Heil pepito agur nazia margotu. Jean-René Etxegarai auzapezak jakinarazi du salaketa jarriko dutela. Gainera, Frantziako Alderdi Komunistaren egoitzan ere pintaketa iraingarriak egin dituzte.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 31
'Egun on Baiona' eskulturan egin dituzte pintadak. / Argazkia: @MikelArreseigor.

Baionan kutsu faxistako pintaketak agertu dira igande goizean, hiriko eragileen esanetan eskuin muturreko ekintzaileek egindakoak. Nestor Basterretxearen Egun on Baiona eskultura zurian frantsesez idatzi dute hau kaka euskalduna da, eta agur nazia egiten ari den pertsona baten marrazkia egin dute. Herriko Etxeko langileek berehala ezabatu dituzte pintadak, eta Jean-René Etxegarai auzapezak gertakariak gaitzetsi ditu; salaketa jarriko dutela iragarri du.

Gainera, Frantziako Alderdi Komunistaren (PCF) Baionako egoitzan ere pintaketak egin dituzte. PCF, hemen putakumeak idatzi diete, eta Fabian Roussel hautagaiaren afixetan ere irainak jarri dituzte. Ez hori bakarrik, Richar Anconina aktore juduaren karteletan ere pintaketa faxistak egin dituzte.

PCFk ere salaketa jarriko du, eta eskuin muturrari leporatutako erasoak gaitzesteko protesta deitu du astelehenean 15:00etan, Santizpiritu auzoko egoitzan bertan. EH Bai alderdiak iragarri du elkarretaratzean egongo direla, elkartasuna adierazteko. Alderdiak gogor kritikatu ditu alderdi komunistari eta euskal kulturari egindako erasoak: “Ezin da onartu halakorik. Eskuin muturreko ideiak borrokatu behar dira. Faxistak kanpora”, idatzi dute txio batean.