argia.eus
INPRIMATU
Euskaldunen gehiengoak ez du ohiturarik euskaraz irakurtzeko, Elkar-ek agindutako inkesta baten arabera
  • Euskaldunen erdiak ez du euskal kultura kontsumitzen. Hala dio Siadeco enpresak Elkar Fundazioaren enkarguz egin duen azken ikerketak. 2.500 inkesta egin dituzte Euskal Herrian barrena eta laginaren egungo egoera linguistiko kezkagarria izan daiteke datu txarren lehen arrazoietako bat: %26 dira euskaldunak; %73,4 erdaldun elebakarrak. Ikerketa hiru fasetan banatu dute: hedabideak, irakurgaiak eta musika. Kontsumo ereduaren joera aldaketak – dohainik kontsumitzeak –etorkizunik ez duela bermatzen berretsi du ikerketak.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko martxoaren 15
Iazko Durangoko Azoka.

Euskaldunen laurdenak ere ez du ohiturarik euskarazko hedabideak eta liburuak irakurtzeko. Euskaldunek erdarazko prentsa euskarazkoa baino gehiago kontsumitzen dute, %58,8ak eta %21k, hurrenez hurren. Zifretan azalduta, 155.000 herritar dira euskarazko prentsara jotzen dutenak, erdarazkoa kontsumitzen duten 442.000 herritarren aldean.

Telebistari dagokionez, prentsan baino joera hobeagoa adierazten dute datuek: %42k euskarazko telebista ikusten dute (ETB1 nagusiki). Euskaraz kontsumitzen ez dutenak, ordea, gehiago dira; %48k ez du ohiturarik euskaraz telebista ikusteko.

Hamar euskaldunetatik zazpi liburu irakurleak dira: %58 ohikoak –azken hilabetean liburu bat irakurri dutenak– eta %12 noizbehinkakoak –azken liburua duela sei hilabeteko denbora tartean irakurri dutenak–. Hau da, euskarazko irakurleak 172.000 herritar diren bitartean, erdarazko liburuetara jotzen dutenak 402.000 herritar dira.

Adinak badu zeresana irakurleen ohituretan: 16-25 urte arteko gazteek dute euskaraz kontsumitzeko joera gehien (%37). Hala ere, kontuan hartzekoa da adin tarte horretako gazte gehienak ikasleak direla eta euskarazko kontsumoa ikasketekin lotzen dutela: %21ek arlo akademikoak eskatuta edo lanagatik irakurtzen dute euskaraz; erdarazkoak %26ak. Denbora librean dago benetako arrakala: adin tarte berdinean euskarazko liburuak herritarren %34ak kontsumitzen ditu, eta %63k erdarazkoak.

Musikan datuak hobeagoak badira ere, adierazgarria da nola aldatu den kontsumo eredua: zenbat eta gazteagoa, orduan eta handiagoa da musika dohainik kontsumitzeko joera. 16-25 urte bitarteko %90ak egunero edo ia egunero entzuten du musika. Hala ere, dohainik kontsumitu ei dute hirutik bik. Kontzertuetan ere gazteak izaten dira antzokiak bete dituztenak; hemen ere, hirutik bik joan dira kontzertu batera. Euskaldunen %47 izan dira euskarazko kontzerturen batean iaztik; %15 erdarazko batean izan da.

Diskoen salmentetan, aldiz, gazteek ez dute joera bera azaltzen: 35-44 urteko euskaldunek erosten dute disko gehien —%41ak erosi du disko bat azken urtean —. Oro har, euskaldunen %30ak erosi ditu euskarazko diskoak urtebeteko epean. Hamar euskaldunetik batek erosi ditu diskoak, baina ez euskarazkoak. Diskorik erosten ez duten biztanleen kopuruak gora egin duela ohartarazi dute ikertzaileek, %60k musika entzuten duen arren, ez baititu sortzaileen lanak erosten.

Egoera honen zergatiek arrazoi ezberdinak izan ditzaketen arren, inkestetan parte hartu dutenen gehiengoak “ohitura falta” eta “erraztasun falta” argudiatu dituzte euskaraz ez kontsumitzeko. Euskararen erabileraren inguruko azken ikerketa soziolinguistikoek goitik behera doan joera azaldu dute, eta azken txosten hau adibidetzat jo daitekeela nabarmendu dute hainbat adituk.