EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du Donostiako bi udaltzain postutarako euskarazko B2 profila eskatzen zuen lan deialdia. "Euskaldunen eskubideak urratzen dituen" epai berri honen aurrean, hainbat eragilek salatu du "euskaldunen aurkako oldarraldiak" etenik ez duela, eta gisakoek euskararen normalizazioa oztopatzen dutela. Bestalde, Euskotren konpainiako Batzorde Iraunkorrak elkarretaratzea egin du Bilbon, UGT-k 2002ko Euskotreneko egonkortze prozesuko hizkuntza eskakizunaren aurka jarritako salaketaren inguruko epaiketa abiatzear zenean.
Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Donostiako administrazioarekiko auzietako 3. epaitegiak abenduan emandako ebazpena: Donostiako Udalak bi udaltzain lanpostutarako egindako deialdian euskarazko B2 profila eskatzea baliogabetu du. Donostiako Udalak helegitea jarri zion aipatu ebazpenari, baina Auzitegi Nagusiak atzera bota du, udaltzainok euskara ezagutzea beharrezkoa ez dela argudiatuta, euskaldunon aurkako oldarraldi judizial betean, hainbatetan errepikatu diren arrazoiengatik: euskarazko profila eskatzea "neurriz kanpokoa eta diskriminatzailea da", lan-poltsaren helburua delako udaltzain faltari aurre egitea, eta hortaz euskara ezagutzeak bigarren mailakoa izan behar duelako.
"Ez du zentzurik lan-poltsara sarbidea izateko hizkuntza-profila eskatzeak", dio Auzitegiak, EFE agentziak jaso duenez. Haren hitzetan, "neurriz kanpoko" baldintza da, gaztelania hiztunen kargu publikoetarako sarbidea mugatzen duelako "arrazoi objektiborik gabe". Auzitegi Nagusiak gaineratu du bermatu egin behar dela "euskaldunek hizkuntza koofizial batean komunikatzeko duten eskubidea", baina horretarako nahikoa litzatekeela "udaltzain bikote bakoitzeko polizia bakarrak eta herritarrak artatzen dituen agenteren batek euskara ezagutzea". Hain justu, Donostiako Udalak eskatzen zuen Aurrebabes unitateko kide guztiek jakin behar dutela euskaraz, zeina 3. epaitegiak lehenengo eta Auzitegi Nagusiak ostean atzera bota duten.
Euskaldunen aurkako eskubide urraketa
"Herri bezala tinko aurre egin behar diogu gure hizkuntzaren, kulturaren eta antolaketaren aurkako eraso hauei", adierazi du Donostiako EH Bilduk sare sozialetan: "Herritar euskaldunen eskubide urraketak eteteko lanean jarraituko dugu". Bestalde, LAB sindikatuak salatu du hasi berri den ikasturtean ere "euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen aurkako erasoak bata bestearen atzetik" datozela. Eta gaineratu: "Euskararen normalizazioaren bidean ez dugu atzera pausorik onartuko. Herritarron eta langileon hizkuntza eskubideak urratzen dituen beste epai bat da".
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eta Euskalgintzaren Kontseilua ere gogor mintzatu dira EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren aurka. "Oldarraldiak ez du etenik", ohartarazi dute. " Herritarrok zerbitzu publikoa gure hizkuntza propioan jasotzea oinarrizko eskubidea da, eta euskara ezagutzen ez duen udaltzain batek ezin du hori bermatu", nabarmendu du, halaber, Kontseiluak: "Administrazio publikoaren eginkizuna herritarrei kalitatezko arreta eskaintzea da, eta hizkuntza eskubideak urratuz ezin da zerbitzu egokirik eman. Auzitegien erabaki honek euskararen normalizazioa trabatzen du, eta horrek euskaldunon eskubideei eragiten die".
"Euskotrenen, euskararen alde"
Testuinguru honetan, Euskotren konpainiako Batzorde Iraunkorrak "Euskotrenen euskaraz lan egin eta zerbitzua euskaraz izan dadin eskatzeko" elkarretaratzea deitu du astearte goizean Bilboko Justizia Jauregian, UGT-k 2002ko Euskotreneko egonkortze prozesuko hizkuntza eskakizunaren aurka jarritako salaketaren inguruko epaiketa abiatzear zenean.