argia.eus
INPRIMATU
EAEko Inkesta Soziolinguistikoa
Euskaldunen %27 moldatzen da euskaraz hobeto, erdaraz baino
  • Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako VII. Inkesta Soziolinguistikoa aurkeztu du. Duela 30 urte baino 261.000 euskaldun gehiago daude, baina jaitsi egin da euskaraz erdaraz baino errazago egiten dutenen kopurua, %34,6tik %27,4ra. Gazteen artean nabarmen egin du gora ezagutzak: %25etik %75era.

Leire Artola Arin 2023ko martxoaren 20a
Aurkeztu dituzte VII. Inkesta Soziolinguistikoko emaitzak. (Argazkia: Irekia)

Azken bost urteetan euskaldunen kopurua ia 50.000 igo da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. 2016an 631.384 ziren, eta 2021ean 680.629, Eusko Jaurlaritzak bost urtean behin egiten duen Inkesta Soziolinguistikoaren arabera. Astelehenean aurkeztu dute EAEko VII. Inkesta Soziolinguistikoa, eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak azpimarratu du euskara “hizkuntza gaztea” dela, nabarmen egin baitu gora 16 eta 24 urte arteko euskaldun kopuruak. Egun, adin-tarte horretako %74,5 dira euskaldunak, eta 1991n –inkesta egin zuten lehen urtean–, %25. 16 urtetik gorako EAEko biztanleen artean egin dute inkesta, eta guztira 30 urtetan 261.000 euskaldun gehiago daude orain.

16 urtetik gorako herritarren %54,8k ulertzen du euskara, eta horietatik %36,2 hitz egiteko gai da. Dena den, azken horietatik %44k erraztasun handiagoa du erdaraz hitz egiteko. Euskaraz erdaraz baino errazago egiten dutenen kopuruak behera egin du azken 30 urteetan: 1991n euskaldunen %34,6k errazago egiten zuen euskaraz, eta 2021ean, %27,4k.

Euskaraz egiteko erraztasunaren konparazioa.

Lurraldeka, aldea handia da: Arabako euskaldunen %58,9k erdaraz errazago egiten du, eta euskaraz %8,5ak; gainerako %24,9k bietara. Bizkaikoen artean, %53,5ak errazago erdaraz, eta euskaraz %19,8k; gainerako %26,7k bietara. Gipuzkoan, aldiz, euskaldunen %30,7k du erraztasun handiagoa erdaraz hitz egiteko, eta euskaraz %38,7k; gainerako %30,6k bietara.

Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren txostenaren arabera, euskaldunen areagotzearen ondorioa da: “Euskaldunak irabazi ditugun neurrian, gora egin du erdaraz hitz egiteko erraztasun handiagoa duen euskaldunen kopuruak”. Euskararen ezagutza hiru lurraldetan igo da 1991tik. Gipuzkoan zortzi puntu egin du gora, Bizkaian ia bikoiztu, eta Araban hirukoiztu. Erabilerari dagokionez, %22k euskara erdara bezainbeste edo gehiago erabiltzen du EAEn; Gipuzkoan %40,8k, Bizkaian %14,5ek eta Araban %7,8k.

Erabilera mugatzen du inguruak

Hitz egiteko erraztasunak erabilera baldintzatzeaz gain, inguru geografiko eta soziolinguistikoak ere mugatzen du euskalduna. Inkestak erakusten duenez, “euskaldun askok euskaldunekin hartu-emanak izateko duten sarea oso mugatua da”. Izan ere, euskaldunen %55,4 “eremu erdaldun” deitzen diotenetan bizi da, biztanle euskaldunak erdia baino gutxiago diren herri eta hirietan. Txostenean argitu dute sarea bermatzea eta hitz egiteko erraztasuna izatea direla erabilerak gora egiteko bi faktore nagusiak.

Euskararen aldeko jarrera gora

Euskararen erabilera sustatzearen aldeko jarrera erakutsi dute galdekatutakoen %67k, duela 30 urte baino 12 puntu gehiago. Aldeko jarrera neurtzeko galdera jakin batzuk egin dituzte. Adibidez, %74,7k dio administrazioan sartzeko euskara jakin beharko litzatekeela, %89,3ren iritziz haur guztiek euskara ikasi beharko lukete, eta %49,3k uste du irrati eta telebistek euskarazko programa gehiago eman beharko lituzketela.