Korsika hegoaldean ibili ginen udan. Uharte hartako eremurik turistikoen eta frantsestuenean, esan zigutenez. Autoan abiatzen ginenean, bertako musikaren bila aritzen ginen irratian, eta bazen aukera. Besteren artean, egun osoan zehar korsikerazko musika eskaintzen duen irrati kate bat badaukate. Zorionekoak!
Gurean ez da erraza euskal musika irratian entzutea. Euskadi Irratian eta Gaztean ere, urria da euskarazko musikaren eskaintza. Ingelesezkoa da oso nagusi, Euskarazko eta espainierazko musikak pareko. EiTB-musika irrati-kate “euskaldunean” ere berdin. Radio Euskadiri buruz zer esan? Euskarari trataera exotikoa ematen dion irrati erdaldun peto-petoa da… Okerrik egin badut, pozik aterako nuke hanka. Hori bai, euskaraz gitxi, baina katalanez, galegoz, bretoieraz, gaelikoz, asturieraz, sardinieraz, korsikeraz, okzitanieraz… zero. Aipatzearren…
Euskaldunak goitik behera! Kantu-kontari entzuten nentorren autoan, etxera bidean. Saio horretan ere erdarak izan ohi dira nagusi, eta horren hausnarrean nenbilen, Joseinak pox dosi bat txertatu zidanean…
– Ondoko musikari hauek euskaldunak dira goitik behera… Berrizkoak hain zuzen!
– “Sei urte?”, egin nuen neure artean…
Eta jarri zuen kantua.
Baina “goitik beherako euskaldun” horien (Shinova) kantu hori nahiz beste guztiak ere, espainolez eginak dira. Salbuespenik gabe. Euren webgunea bezala.
Hain da zabala “euskaldun” kontzeptua egun…
“Goitik beherako euskaldunen” zerrenda bat etorri zitzaidan burura gura barik, arrapaladan. Mayororeja eta Bangojtarrena, Erenchun eta Montero, Abascal eta Urquijo, Alliot-Marie eta Grenet, Anasagasti eta Del Burgo, Lopez eta Ares, Diez eta Savater, Fito + fitipaldis, Intxaurrondoko txapelokerrak, Arakakoak, Altsasukoak eta Baionako jendarmeak (hemen lan eta bizi…)
Ez dakit zertan ari garen Belarriprest eta Ahobizi bila, guztiak goitik behera eta alderik alde euskaldun gara eta!
Arakan bagare, Intxaurrondon bagera, La Salven bagara…