argia.eus
INPRIMATU
Euskaldunak aktibatzen: Errenterian Egiatarren bideari eutsiko diote
  • Astebetez helduko diote erronkari errenteriarrek, apirilaren 1etik 8ra. Lau Haizetara Euskaldunon Elkarteak eta AEKren Xenpelar euskaltegiak antolatu dute.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2017ko otsailaren 24a

Egiatarrek urratutako bidea ezagutzen dute, badakite Hernanin, Lasarte-Orian, Agurainen, Arrigorriagan eta beste hainbat lekutan antzeko saioak egin dituztela. Probatzea pentsatu dute, esperientzia berria izango da beraientzat, eta ikuspegi kolektiboa eman diote. Argi diote ez dela izango jai bat, ezta jarduerez betetako astea ere.

“Aste BatZUK, euskararen eroaleak” egitasmo horretan euskal hiztunei ikusgarritasuna emango diote, “ero batzuk elkartuta gauza ikaragarriak eta zoragarriak atera daitezke. Seguru gaude arrastoa utziko dugula geure herrian eta Errenteriak duen erdaldun-fama alboratzen hasiko gara”.

Euskaldunek jokabide aktiboa hartzea da helburua, bestela esanda, lehen, bigarren eta hirugarren hitza euskaraz egitea. Euskara erabiltzeko eta ezagutzeko gogoa indartu nahi dute, azken finean errenteriarrek bestelako jarrera bat hartzea.

Lasarte-Oriako erronkan erabili zituzten rol berak prestatu dituzte: ‘ahobiziak’ eta ‘belarriprestak’. Lehenak euskaraz biziko dira edonorekin eta bigarrenek adieraziko dute hitz egiteko gai ez baina ulertzeko gai direla.

Erronkan izena emateko facebooken du informazioa Lau Haizetara elkarteak.

"Euskararen eroaleak" egitasmoan herriko hainbat aurpegi ezagunek ere hartuko du parte, besteak beste, Jon Mayak, Manu Maritxalarrek eta Naroa Iturrik. Bideoan dituzue haien hitzak.