argia.eus
INPRIMATU
‘Euskalduna naiz eta zu?’ saioari buruzko polemika: distrakzio maniobra
  • Hautsak harrotu ditu duela hilabete ETB1ek Espainiari buruzko topikoen inguruan egindako saioak. Baina, ez al da polemika artifizial samarra?

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2017ko martxoaren 06a

Alfredo Urdaci izeneko pertsona batek aurkeztu zituen urtetan Espainiako telebista publikoko informatiboak, Vaya Semanitak barre egin du abertzale eta euskaldunen kontura, programa joan eta programa etorri, bizirik mantenduz, diru publikoz, Txomin del Regatoren umore frankista eta, antza, grazia eginez pertsona mota bati zeina, erdaldun elebakar izateagatik, inteligenteago sentitzen den euskaldun arrunta baino. Baina ei, problema euskaldunak dira, topiko espainolei buruz hizketan ia audientziarik izan ez duen saio batean.

Ez zitzaidan gustatu "Euskalduna naiz eta zu"-ren saio hori. Haren inguruan unionismoak sortu nahi izan duen gerra kulturalak badu, ordea, ahalegin nostalgikotik, gaindituta genuen eskema batera itzultzeko gogotik: ze eroso pasa dituzten 40 urte identitario-intoleranteen kontrako gurutzada demokratikoan, balore unibertsalen bandera hartuta, eta bitartean, frankismo osteko estatu gizenaren zorro publikoan eskukadak sartzen. Beste 40 urterako aitzakia bila dabiltzala pentsatuko nuke, baina agian da gorroto anti-espainolez itsututa nagoelako.

Iritzi hau Euskalerria Irratiaren webgunean argitaratu da eta CC-by-sa lizentzia baliatuz ekarri dugu ARGIAra.