argia.eus
INPRIMATU
Euskalduna Jauregiko langile azpikontratatuek greba hasi dute
  • Lehenago langile borroka askoren testigu izandako Euskalduna ontziolaren leku berean, orain Bilboko musika eta biltzar gune handiena den eraikinean, zerbitzu osagarriak eskaintzen dituzten 45 langilek greba mugagabeari ekin diote abenduaren 28tik aurrera, euren lan baldintzak hobetzea eskatzeko.

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 28a

Euskalduna Jauregia SA foru sozietatearen jabetza Bizkaiko Aldundiak du baina hainbat zerbitzu azpikontrataturik dauzka, hala nola aretoen muntaia eta desmuntaia, atezaintzan laguntzea, leihatilako ardura, harrera eta arropazaindegia.

Lan horiek Eulen enpresak egiten ditu. Zerbitzuak kanporatzen aditua den konpainia multinazionalak 14 herrialdetan ia 86.000 langile kontratatzen ditu, oso baldintza desberdinetan, eta iaz 1.500 milioi euroko fakturazioa izan zuen.

Euskaldunako langile azpikontratatuek eskatzen dute, besteak beste lanaldien inguruko araudia errespetatzea –gehienezko langa gainditzen dute–, plusak bermatzea eta soldatak eguneratzea. Diotenez, soldata prekarioak dituzte, azken urteetan ez dutelako inolako igoerarik izan. Bestalde, lan egutegi bat ere eskatu dute: “Lanerako prest egon behar duzu edozein momentutan eta ordutegia noiz nahi aldatzen digute aldez aurretik abisatu gabe”.

Langileek ez dute Eulen-en aldetik borondaterik ikusten egoera hori konpontzeko eta horregatik hasiko dute borroka greba bidez ELA sindikatuaren babesarekin.

Bilboko museo eta kultur eraikinetan gatazkak biderkatu egin dira azken urteetan, azpikontratazioak sorturiko prekarietatea tarteko, 2016ko Guggeheim museoko hezitzaileena eta Arte Ederretako langileena kasu.