Egiari zor, ez dakit zergatik ari naizen hau idazten. Gaur egungo giro liskartsuan ez dira modu honetako iritziak ondo hartzen. Beharbada, ARGIAk ez du hau argitaratuko, ez baitator bat orain arte argitaratu dituzten iritziekin (baina, azkenean argitaratzea erabaki badute, eskerrak eman behar dizkiet iritzi desberdinak onartzeagatik).
Duela ez asko aldizkari horretan argitaratutako eta euskalduna den harrera herria defendatzen zuen iritzi bat irakurri nuen. Iritzi hori guztiz errespetagarria iruditu arren, guztiz ados ezin naitekeela egon onartu behar dut, eta gustatuko litzaidake zergatia azaltzea. Euskalduna den harrera herriaren nozioak defendatzen du etorkinak onartzen dituen eta, aldi berean, euskaraz bizi den nazioa. Alabaina, horrelakorik existitu ahal denik ez nago batere ziur.
Euskal Herriaren historiari erreparatuz, euskararen beherakada XIX. mendean hasi zen. Zergatik? Industrializazioak egindako eta batez ere Espainiatik zetorren immigrazio masiboagatik. Hau da, Espainiako alde guztietatik langileak zetozen Euskal Herriko fabriketan lan egitera, langile horiek ez zuten euskara ikasteko beharrik ikusi eta, ondorioz, euskararen beherakada hasi zen. Gaur egun ere, Euskal Herriko mapa linguistikoari begiratzen badiogu, ikusiko dugu industrializazioagatik immigrazio gehien jaso zituzten hiriek (Bilbo, Gasteiz, Barakaldo, Portugalete, Irun…) euskara maila askoz ere baxuagoa dutela industrializatuak izan ez ziren beste herriekin konparatuz. Iparraldean gaur egun gertatzen ari den zerbait da; inkesta soziolinguistikoek euskaldunen kopurua gora doala adierazten badute ere, ehunekoak ez du gora egiten eskualdeak jasotzen duen immigrazioa euskararen igoera baino handiagoa delako.
Has gaitezen aztertzen nola izan gaitezkeen harrera herria eta, aldi berean, nola indartu euskara. Eztabaida hau izan behar dugu gizarte moduan, elkarrekiko begirunez eta iritzi desberdinak errespetatuz
Datu horiek azpimarratzea ez da faxista. Honek ez dauka zerikusirik etorkinaren azal-kolorearekin, baizik eta hizkuntzarekin. Are gehiago, nik ez ditut etorkinak errudun ikusten, beren lekuan jartzen naiz: beste herrialde batetik Euskal Herrirako bide luzea eta arriskutsua egin dut eta, hona ailegatuta, lekuko hizkuntza ikasi behar dut lekukoekin komunikatzeko, lanbidea aurkitzeko… Aitzitik, Euskal Herrian bi hizkuntza daude (euskara eta gaztelania edo euskara eta frantsesa, lekuaren arabera); beraz, bien artean aukeratu behar izango dut. Zein izango da erabilgarriagoa niretzat? Ze hizkuntzarekin komunikatu ahal izango naiz jende kopuru handienarekin? Ze hizkuntza erabiltzen da beste herrialdeetan ere, berriz emigratu behar badut, horietako herrialde batera joateko aukera izateko? Erantzuna erraza da Pirinioen bi aldeetan: Hegoaldean espainola da eta Iparraldean, frantsesa. Bi hizkuntza horiek euskarak baino hiztun gehiago dituzte, beste herrialdeetan ere hitz egiten dira eta, halaber, ikasteko baliabideak aurkitzea askoz ere errazagoa da. Ondorioz, Euskal Herrira datorren migranteak hizkuntza handiena aukeratuko du, euskararen galerarako.
Esan gabe doa, hori orokortzea da, badaude euskara ikastea erabakitzen duten migranteak. Hala ere, gutxienekoak dira. Bilboko metroa hartu eta han dauden migrante guztiek erabiltzen duten hizkuntzari erreparatu, zenbat euskara entzungo duzu? Baionako kaleetatik paseatu eta gauza bera. Immigrazioa, masiboa denean eta lekuko hizkuntza gutxituarekin integratzeko saiakerak ez direnean egiten, hizkuntza gutxituen galerarakoa dela dirudi.
Beraz, galdera aurkezten dut: nola izan dezakegu euskalduna den harrera herria? Agian euskararen nagusitasuna bermatu beharko genuke harrera herria izan baino lehen, etorkinek euskara hizkuntza nagusia dela ikusteko eta ikastea erabakitzeko. Ezin dugu, baina, hainbeste itxaron, migrazio larrialdia orain gertatzen ari da. Gaur egun ari dira gero eta migrante gehiago etortzen Euskal Herrira, euskarak hizkuntza gutxitua izaten jarraitzen duenean. Horregatik, berriz galdetzen dut: nola izan dezakegu euskalduna den harrera herria?
Galdera horri buruz eztabaida bat izan behar dugu eta euskara gehiago gutxitzen ez duen migrazio eredua bilatu beharra dago. Oso polita da errepikatzea “Euskal Herria harrera herria da” eta migrazioarekin etor daitezkeen arazoei ez ikusia egin. Oso zaila da, aldiz, eztabaida hau aurkeztea norbaitek arrazista edo faxista zarela esan gabe. Horregatik, egoera berean jarraitzen dugu eta arazoa ez da konpontzen. Has gaitezen aztertzen nola izan gaitezkeen harrera herria eta, aldi berean, nola indartu euskara. Eztabaida hau izan behar dugu gizarte moduan, elkarrekiko begirunez eta iritzi desberdinak errespetatuz.
Aritz Arrieta