argia.eus
INPRIMATU
Euskal zinemaren momentu ona nabarmendu dute Zinemaldian, laguntzak erdira jaitsi arren
  • Jendetsua izan da Donostiako Nazioarteko Zinemaldian ikusi ahal izango diren Euskal Herriko ekoizpenak aurkezteko ostiral honetan Tabakaleran egin duten ekitaldia. Eraikinaren atarian erakunde eta sektoreko kideen familia-argazkia egin ondoren, barruko zine aretoan Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez de Anucita jaialdiko prentsa buruak zenbait azalpen eman dituzte, aurkezpenaren erdigune izan diren bideoekin tartekatuta.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2016ko abuztuaren 26a
Erakunde publikoetako eta ikus-entzunezkoen sektoreko kideak izan dira aurkezpenean (argazkia: @zigore2001).

Bideo horietan euskal zinemaren egoera baloratu dute, besteak beste, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak eta Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak. Egoera bitxia izan da, Uriarte aurkezpenean bertan baitzegoen, baina bere adierazpenak bideoan bakarrik entzun ditu aurkezpenean izan den prentsak.

Cristina Uriarte (Eusko Jaurlaritza): "Uneotan euskal zinemak oso momentu ona bizi du"

Sailburuak adierazi du Euskal Herriko zine ekoizpenek "nazioartean lehiatzeko maila" dutela eta horregatik jada ez garela harritzen bertako filmak Zinemaldiko Sail Ofizialean ikusita. Lehiakortasun hori lortu izana, bere esanetan, eragileen arteko elkarlanari zor zaio. "Uneotan euskal zinemak oso momentu ona bizi du; hau da, euskal zinema mundura ateratzen ari da". Glocal plataforma eta Zinemaldia txalotu ditu, "hizkuntza ez hegemonikoetan" zinema egiten duten herrien sarea bultzatzeagatik.

Iturbek, bere aldetik, telebistaren eta zinemaren arteko senidetasuna azpimarratu du eta azken urteetan "harreman hori gero eta indartsuago" bihurtu dela uste du. "Nabari da, euskal telebistak ere zenbat proiektutan parte hartzen duen ikusten bada".

Sektorea ere pozik, baina murrizketen eraginpean

Ordezkari instituzionalez gain, zinema munduko ordezkarien hitzak ere jaso dituzte aurkezpeneko bideoan. Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko (IBAIA) Joxe Portelak, adibidez, aitortu du orain dela 10-12 urteko panoramarekin alderatuta Zinemaldian euskal zinemak daukan presentzia hobetu egin dela. "Eusko Jaurlaritzari, Euskal Telebistari eta sektorearen elkarlanari esker, hau hobetzen joan da eta produkzio gorakada bat egon zen. Azkeneko urteotan film gehiago egin dira, eta nik uste, gero eta hobeak".

Joxe Portela (IBAIA): "Zinemagintzarako inbertitzen den diru kopurua erdira jaitsi da"

Puntu horretan iritzi berekoa da Carlos Juarez EPE/APV Euskal Produktoreen Elkarteko presidentea: diru-laguntza politika eta ETBren babesa jo ditu euskal zinemaren kalitatea hobetzeko gakotzat. Horiez gain, Zinemaldia, Etxepare, Kimuak eta Ikus-Entzunezkoen Klusterraren lana ere nabarmendu ditu. "Haien koordinazioari esker, gure filmen nazioarteko politika hobetzea lortzen dugu".

Nolanahi, klima baikor orokorraren erdian Portelak datu esanguratsu bat eman du: "Zinemagintzarako inbertitzen den diru kopurua erdian gelditu da". Hala ere baikor izan nahi duela azaldu du Portelak: "Espero dut hurrengo urteotan ere Zinemaldian euskal filmak ikusten jarraituko dugula".  

Ramon Barea aktorea omenduko dute Zinemira Sariarekin

Bilbon jaiotako Ramon Barea aktore eta errealizadorea omenduko dute aurten Zinemira sariarekin. 1970eko hamarkadan antzerki munduan sartu zenetik ibilbide luzea egin du, bai anzerkian, bai zineman. Erregistro oso desberdinak dituzten zuzendariekin lan egin izan du, hala nola, Enrique Urbizu, Juanma Bajo Ulloa, Gracia Querejeta edo Lara Izagirre. Eta hainbat telesail espainiarretan ere parte hartutakoa da (Compañeros, Periodistas...). 1996an egin zuen debuta zuzendari lanetan Adiós Toby, adiós film laburrarekin.