argia.eus
INPRIMATU
Euskal zine-industriak pizgarri fiskalak eskatu ditu sektorearen bolada onari eusteko
  • Oscar sariak laster banatuko dira eta mundu osoko begiak AEBetako zinema industriari begira jarriko dira. Baina, nola dago euskal zinemagintza? Datorren urtean estreinatuko diren filmen azpian dagoen industriaren egoeraz datu ugari eskaini du Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak (IBAIA).

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2017ko otsailaren 01a
IBAIAko eta Ikertaldeko ordezkariak asteazkenean txostena aurkeztu aurretik (argazkia: IBAIA).

Mezu nagusi bat eman du elkarteak asteazkenean aurkeztutako txostenean: “euskal zinemagintzak jasotako laguntza kopurua baino gehiagoko itzulera sortzen du”. Alegia, erakunde publikoek zinema bultzatzeko ematen duten dirua inbertsioa da, gastua baino gehiago.

Ikertalde enpresari eskatu dio IBAIAk euskal ikus-entzunezko produktoren inpaktu sozioekonomikoaren inguruko ikerketa egin dezan.

Txosten horren ondorioetan azaltzen denez, Eusko Jaurlaritzak eta ICAAk (Espainiako Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua) sektoreari emandako diru-laguntzak 3.893.739 eurokoak izan ziren 2014. urtean. Aldiz, sektoreak administrazio publikoari 4.494.554 euro itzuli zizkion zergatan.

66 film 2010-2015 artean

800 lagunentzako enplegua sortzen du euskal zinemagintzak eta 60 milioi euro baino gehiagoko inpaktu globala

Ekoizleekin egindako sakoneko elkarrizketak eta 70 euskal ekoiztetxeren datu ekonomikoak baliatu ditu Ikertaldek asteazkenean aurkeztutako txostena osatzeko.

Joxe Portela IBAIAko lehendakariak esplikatu duenez, “enpresa sare sendoa” osatzen dute, 60 milioi euro baino gehiagoko inpaktu globala eragiten duena baita “27 milioi euro inguruko balio erantsia eta 800 pertsonentzako enplegua” ere.

Jarduera horri esker iritsi dira publikoarengana 2010-2015 epean estreinatu diren 66 filmak. Lan horietatik gehienak fikziozko pelikula luzeak dira, baina animaziozko lanen portzentajea ere kontuan hartzeko modukoa da aztertutako epean (%20). Batez bestekoak kalkulatuta, urtean 11 film ekoiztu ditu sektoreak, horietatik 2,5 euskarazko luzemetraiak eta 1,8 euskarazko animazio-lanak.

Loraldia, arriskuak eta neurri zehatzen premia

"Beherakada nabarmena" izan da finantzazio publikoan eta IBAIAren ustez horrek arriskuan jar dezake azken urteetako lana

IBAIAk dioenez euskal zinemagintza “loraldian” dago, baina kezkatuta agertu da erakunde publikoetatik jasotzen duten finantzazioaren gaiarekin. “Beherakada nabarmena” izan dela adierazi dute eta horrek arriskuan jar dezakeela urteotan sortutako enpresa eta profesionalen sarea.

Ez da sektoreak kezka hori agertu duen lehenbiziko aldia. Iaz, Donostiako Zinemaldiak bertako ekoizpenari eskaintzen dion sailaren aurkezpenean, Portelak datu esanguratsu bat eman zuen: "Zinemagintzarako inbertitzen den diru kopurua erdian gelditu da".

“Neurriak hartzea beharrezkoa da”, adierazi du asteazken honetan Portelak. “Eskatzen duguna da, Euskadiko Foru Aldundiek, ekoizpen zinematografikoen inbertsioan aplikagarri diren zerga-pizgarriak martxan jartzeko eta sendotzeko beharrezko neurriak hartzea”.