argia.eus
INPRIMATU
Euskal Zine Bileran parte hartzeko deialdia zabalik ikus-entzunezko sortzaileentzat
  • Euskara hutsean egiten den Euskal Zine Bileran parte hartzeko deialdia zabaldu du Lekeitioko Udalak. Hitzordua azaroaren 23tik 29ra izango da eta irailaren 12a izango da lehiaketan ikus-entzunezko lanak aurkezteko azken eguna. Gehienez 50 film onartuko dira lehiaketan.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko apirilaren 30
Joan den urteko edizioko sari banaketako argazki bat. (Argazkia: Lekeitioko Udala)

Bi helburu ditu Euskal Zine Bilerak: euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune izan eta euskarazko lan amateurrei bidea egiten lagundu. Lehiaketak bi kategoria izango ditu, profesionalena eta amateurrena. Kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira.

Pelikulak online aurkeztu beharko dira, UPTOFEST plataformaren bidez. Hala ere, zuzeneko informazioa jasotzeko, telefonoak eta posta zabaldu du Euskal Zine Bilerak: 946243482 / 656728107 eta zinebilera@zinebilera.com helbidea.

1.900 euro profesional onenarentzat

Kategoria bakoitzean Film Onenaren saria emango dute: profesionalaren kategorian, irabazleak 1.900 euro eta urrezko antzara jasoko du; amateurren kategorian 1.300 euro eta urrezko antzara baita ere. Horrez gain, profesionalaren kategorian 1.600 euro eta zilarrezko antzara jasoko du bigarren lan irabazleak, kategoria amateurrean, aldiz, 1.000 euro eta zilarrezko antzara.

Lehiaketan gazteen parte hartzea bultzatzeko, Gazte 22 saria emango da aurten ere. 1991ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako parte hartzaileen artean 600 euroko sari berezia emango da.

Aurten gainera, Antzar Morea eta  500 euroko saria banatuko da lehenengoz. Udaleko Berdintasun batzordeak, genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lana sarituko du. Kontuan hartuko da emakumearen presentzia zenbatekoa izan den lana sortzeko prozesuan.