argia.eus
INPRIMATU
Euskal Y-a ez da Ipar Euskal Herriarekin lotuko gutxienez 2042 urtera arte
  • Frantziako Gobernuak Espainiakoari baieztatu dionez, Abiadura Handiko Trena ez da Hego Euskal Herrira iritsiko (Irungo loturara) gutxienez 2042 urtera arte. Ez dago Parisen lehentasunen artean.

ARGIA @argia 2024ko abenduaren 18a
AHTren kontrako ekintza bat. CADE

Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak galdera egin eta datua eman du Óscar Puente Espainiako Garraio ministroak: Euskal Y-a Ipar Euskal Herriarekin lotu ahal izateak urte mordoxka ditu aurretik, Espainiako Gobernuak “lanak bizkortzeko” borondatea duen arren, Frantziakoak ez diolako halako lehentasunik ematen.

Atlantikoko ardatzeko obretan 300 milioi euro baino gehiago gastatu dituzte lizitaziotan, nabarmendu du Puentek, Espainiako Gobernuaren interesa frogatu asmoz.

Hirugarren alternatiba

Euskal Y-aren Hegoaldeko ibilbidearen harira, duela gutxi azaleratu da Nafarroa Euskal Y-arekin lotzeko hirugarren alternatiba bat aztertzen ari dela Espainiako Gobernua. Horri buruz ere galdetu diote Puenteri, eta Garraio ministroak berretsi baino ez du egin hiru alternatiba dituztela aztergai, eta “parametro teknikoetan” oinarrituta hartuko dutela azken erabakia.