Iruñean bizi ziren Iñaki Zoko Lamarka eta Andoni Arizkuren Eseberri gazteak, baina familiaren herriarekin, Otsagabiarekin, lotura estua zuten biek betidanik. “Lehen, asteburuetan eta udan etortzen ginen eta duela urte batzuk bizitzera etorri ginen”, dio Arizkurenek. Turismoaren sektorea nagusi zen bailaran, baina lehen sektoreko proiektu bat martxan jartzeko gogoz ziren bi gazteak. Zokoren familiaren borda moldatu eta euskal txerriak zituen lagun baten bidez iritsi ziren mundu horretara duela hamar urte: “Euskal txerriarekin hastea, nolabait, erdi kasualitatea izan zen”.
Elizondoko euskal txerri hazle batekin harremana izan zuten hasieratik Bordaxakiko kideek. “Euskal txerria bertako arraza izanda, kanpoan hazteko prestatuta dago, eta hori nahi genuen guk”, azaldu du kideak. Bidean ikasi dute, eta ikusi dute arraza hori beste batzuk bezain produktiboa izan ez arren, kalitate handiko haragia duela:“Gantz infiltratua izaten du, iberikoen antza duena”. Bertako produktua izateari eta kalitateari garrantzi handiagoa eman diote hasieratik, kantitateari baino.
Izan ere, ekoizpen txikia dute Bordaxakin: 25 zerrama dituzte, eta 100 zerri inguru gizentzen dituzte urtean. “Gaur egun dauden ekoizpenak ikusita, txikia da gurea. Helburu argia izan dugu beti: gu biok honetatik bizitzea, asmoa ez da handitzea izan”, dio. Azken urteetako joera izan da bolumena handitzea eta produktua kanpora bideratzea, baina hori da Bordaxakin nahi ez zutena. Bertan kontsumitzeko produktua egin nahi zuten, eta etxalde handietako ekoizpen eredutik urrun: kanpoan, aire librean dituzte animaliak, eta ziklo osoa dute haien esku, hazkuntzatik eraldaketaraino.
Proiektua duela hamar urte abiatu bazuten ere, hasierako urteetan beste lan batzuekin uztartu zuten: “Pixkanaka joan gara, probatzen, ikasten… iaz, gure eraldaketa gunea martxan jarri genuenean, bete-betean honetara jarri ginen”. Bertako errezetak eta egiteko moduak darabiltzate eraldaketetan, eta esaerak dioen moduan, zerriaren guztia baliatzen dute: pateak, odolkia, tripotxa, burukia, hanburgesak, saltxitxa freskoak, txistorra, birika, lukainka, txorixoa, saltxitxoia, hirugiharra, masaila, xolomoa, azpizuna, hanka-belarriak…
Salmentarako zuzeneko bideak darabiltzate: batik bat dendan saltzen dute, eta inguruko jatetxe eta denda txikietan ere bai. Proiektuak denbora asko eskatzen dien arren, parte hartzen dute Euskal Txerria elkartearekin, Ipar Euskal Herriko ekoizleekin eta Pirinioetako Larretik proiektuarekin elkarlanean.