Euskararen Egunaren kari kaleratutako ohar batean, Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak esan du "euskal sorkuntza larrialdian" dagoela, eta bere kideei dei egin die berariaz egindako koplak zabaldu ditzatela, egoera hori salatzeko.
Lanarteak kopla batzuk atera ditu abenduaren 3an, Euskararen Egunean: "Euskal sorkuntza larrialdian dagoela uste duzu? / Entzun arretaz eta zalantzak argitu ahalko dituzu", dio horietan lehenak.
Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak egun hori baliatu nahi izan du "euskarazko kulturaren eta kultura euskaraz egiten dugunon aldeko aldarria jotzeko" eta aldi berean salatzeko euskal kultura "larrialdi" egoeran dagoela, "euskara bezelaxe".
Horretarako atera ditu koplak, euskararen egunean eta bere ingurumarian antolatzen diren "bertso, musika, dantza, literatur..." ekitaldietan bere kideek zabaldu ditzaten: "Euskal sorkuntza erakundeen diskurtsoen edergarri? Utzi loreak botatzeari eta oinarriak jarri", dio beste kopletako batek. Sortzaileen egoera prekarioaz, erakundeen kultur politikaz, programatzaileen jarreraz... errimaz errima kritika zorrotza osatzen dute koplok.
Hain justu, elkarteak iragarri du hilabete honetan kaleratuko dituztela Euskal Artisten Lan eta bizi Baldintzei buruzko inkestaren emaitzak eta horiek "ezin argiago" uzten dutela euskal sorkuntzak bizi duen larrialdia.
Koplak osorik:
Euskal sorkuntza larrialdian
-I-
Euskal sorkuntza larrialdian dagoela uste duzu?
Entzun arretaz eta zalantzak argitu ahalko dituzu.
-II-
Euskal kultura deitzen duguna biak batera ez da ba?
Askok zergatik banatzen dute kultura ala euskara?
-III-
Euskal sorkuntzak badu lekurik kultur programazioan?
Ala kuotaka saltzen gaituzte haizearen prezioan?
-IV-
Euskal kulturak ba al du bere kultur programaziorik?
Ala ez dago dirurik eta ez dago espaziorik?
-V-
Euskal sorkuntzak erdal sorkuntza ote du arerioa?
Ez al diogu geureari zor bere foku propioa?
-VI-
Euskal sortzaile anitzak gara, eta kulturaren plazan
inork ezin du zalantzan jarri izatea zertan datzan.
-VII-
Euskal sorkuntza erakundeen diskurtsoen edergarri?
Utzi loreak botatzeari eta oinarriak jarri.
-VIII-
Euskal sorkuntza Euskal Herriko aberastasuna ote?
Hala esaten duten gehiegik bizkarra eman diote.
-IX-
Euskal sorkuntzan dihardugunok zein lan baldintza ditugu?
Prekarietate derrigortuak sorlana baldintzatu du.
-X-
Euskal sorkuntzan dihardugunok segi dezakegu sortzen?
Nola jarraitu inork ez badu hau lana denik aitortzen?
-XI-
Euskal sorkuntza ez al da euskal kultur politiken funtsa?
Eta EITBn, esaterako, non dago gure sorkuntza?
-XII-
Euskal sorkuntzan ari garenok, arren, ez hartu erdizka
artista eta langile gara, langile eta artista.
-XIII–
Euskal sorkuntzak migranteekin ote du bere gatazka?
Ala guztien elkarrekintzan dago bere arrakasta?
-XIV-
Euskal sorkuntzak behar dituen lagunak edo zaleak?
Erakunde nahiz programatzaile, medioak, hartzaileak.
-XV–
Euskal sorkuntza larrialdian dagoela uste dugu,
larrialditik ateratzeko ZU ere behar zaitugu.