ELA eta LAB sindikatuek hainbat mobilizazio antolatu dituzte Langileen Nazioarteko Egunarekin bat eginez eta horietan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozi elkarrizketa egin diote Radio Popularren Maiatzaren Lehenaren harira. Muñozek sindikatuko militantziari kalera ateratzeko eskatu dio, “bestelako eredu ekonomiko, sozial eta politiko baten alde mobilizatzeko”.
Muñozek uste du mobilizazioak beharrezkoak direla, “egun bizi dugun krisiak sortutako langabezia salatzeko”. Enplegua dutenak eta ez dutenak bertaratzeko deia egin du.
ELA Bilbon mobilizatuko da Maiatzaren Lehenean. Aurten leloa “Gure eskubideen alde, kalera! Organización y lucha” izango dute.
LAB alderdiak bere webgunean adierazi du krisitik nola atera nahi dugun erabakitzeko eskubidea duela gizarteak. "Espainia marka" delakotik ateratzeko premia azaldu du eta burujabetza ekonomiko, sozial eta politikoa aldarrikatu dituzte.
Krisiaren irtenbidea Euskal Herrian dagoen aberastasuna nola sortu, banatu eta antolatu erabakitzean dagoela azaldu du LABek: “Erabakitzeko eskubidea da prozesuaren giltza, eta gu langileak, gure parte hartzearekin bermatu behar dugu”.
LABek hainbat mobilizazio egingo ditu Maiatzaren Lehenean Euskal Herri osoan. “Langileok erabaki, Euskal Herriak erabaki dezan” lelopean 28 mobilizazio antolatu dira zazpi herrialdeetan.