argia.eus
INPRIMATU
Euskal sindikatuek CEOEren adierazpenak kritikatu dituzte
  • Juan Rosell CEOEko zuzendariak egindako azken adierazpenei erantzun diete sindikatuek.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2013ko abuztuaren 21
Rosellek esan zuen “pribilegio batzuk kendu beharko liratekeela” . Argazkia: elperiodicodearagon.com

Rosellek esan zuen “pribilegio batzuk kendu beharko liratekeela” kontratu mugagabeak dituztenen artean. Enpresariaren proposamena erabat gaitzetsi dute ELA, LABek eta CCOOk.

Sindikatuen ustez kontratu mugagabeak ez dira pribilegioak eta patronala “prekaritatea sakondu nahian” dabilela salatu dute.

LABek argitaratu duen ohar batean, Confebaski zuzendu zaio esanez CEOEren aholkuei kasu egiten badie, gatazka sozial gero eta handiago bati egin beharko diola aurre. Soldaten gutxitzeak lanpostuak sortu beharrean galtzea ekarriko duela ere salatzen dute oharrean, baita gobernua eta patronalaren arteko erabateko kolaborazioa ere.

CCOOko Unai Sordoren arabera, patronala “oso eroso” dago elkarrizketa sozialaren haustura testuinguru honetan. Bere iritziz patronala “Lobby lanetan” hari da, gobernuak lan merkatuaren beste erregulazio erreforma bat bultzatu dezan. Kontratu mugagabeko langile bati pribilegioduna deitzea “sarkasmo hutsa” dela adierazi du Sordok eta bere ustez krisiari aurre egiteko irtenbidea erreforma fiskala eta soldaten banaketa bidezkoago bat egitean datzala.

ELAko Joseba Villarrealek bere aldetik, patronala egoera ekonomikoa aprobetxatzen ari dela salatu du, bere aspirazioetan aurrera eginez eta langileen eskubideak murriztuz.