Lapurdiko Makean egin du Euskal Selekzioa Orain elkarteak lehenengo biltzar nagusia. Iazko udan Frantziako selekzioarekin jokatzeari uko egin ziotela iragarri zuten Ipar Euskal Herriko hamabost pilotarik osatzen dute gaur gaurkoz ekimena, zeinak helburu duen, besteak beste, zazpi herrialdeak hartuko dituen euskal selekzioaren aldeko iritzia zabaltzea.
Amaia Larralde, Jon Larronde eta Eñaut Etxeberria pilotariek eman dituzte elkarteari buruzko azalpenak. Abenduaren 28an, Nazioarteko Pilota Federazioak eskubide osoko kide bezala onartu zuen Euskadikoa, eta erabaki horri ere egin diote erreferentzia prentsaurrekoan: "Euskadiko Selekzioaren ofizialtasuna onartu izana ikaragarria da, baina EAEtik kanpo garenek hainbat galdera ditugu oraindik. Nafarroakoak, Zuberoakoak, Nafarroa Beherekoak eta Lapurdikoak zer bilakatuko gara? Zein dira baldintzak?", galdegin du Larraldek. Euskal Selekzioa Orain elkarteko kideek azaldu dutenez, Euskadiko Pilota Federazioak urtarrilaren 25ean egingo dituen hauteskundeetako emaitzek markatuko dituzte hein batean aurrera begirako urratsak.
Gaineratu dute Frantziako eta Espainiako selekzioekin jokatzeari uko egiten dioten gazteak babestu nahi dituztela, besteak beste, Frantziarekin aritzeari uko egin dieten pilotariak kanporatuak izan direlako Frantziako Federazioak antolatzen dituen formazio saioetatik. Zentzu horretan, euskal selekzioaren formakuntza zentroa sortu nahi dute, gazteei "babesa eman" eta goi mailan formatzen jarraitzeko aukera izan dezaten, Jon Larrondek azaldu duenez. Xare jokalariak argi utzi du, bestalde, ez dutela "beste selekzioen eta haien jokalarien aurka" egin nahi: "Sekula ez dugu kritikatu edo epaituko Frantziako edo Espainiako selekzioarekin jokatzea hautatzen duen pilotaria. Eurek ere gure borroka ulertzea espero dugu".
Andrea Lusarreta, Nafarroako Federazioko presidente
Andrea Lusarretak hartu du Javier Conderen lekukoa Nafarroako Pilota Federazioan. Federazioaren historiako lehen emakumezko presidenteak 28 urte ditu, Labianokoa da eta 2021etik Zizur Nagusiko Udaleko Kirol koordinatzailea da. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua, hainbat kiroletan aritu da, pilotan tartean; Atarrabian hasi zen esku pilotan, eta gomazko paletan aritu da gero Oberena, Pilotajauku eta Gure Pilota klubetan.
Bestalde, Gipuzkoako Federazioa abuztuan beteko duen mendeurreneko ospakizunetan sartuko da aurki. Historia eta kulturarekin lotutako ekitaldiak antolatuko ditu, amu gisa sortu duten bideoan ikus daitekeenez.