argia.eus
INPRIMATU
Euskal Pilotan euskal selekzioa aitortzearen alde kokatu da Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiko lehendakaria
  • Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioaren eta Espainiako Federazioaren arteko gatazkak bere horretan jarraitzen duen bitartean, Jose Manuel Rodriguez Uribesek euskal selekzioaren aldeko adierazpenak egin ditu. Desadostasunak direla eta, Nazioarteko Pilota Federazioaren eta Espainiako Pilota Federazioaren artean asteazkenean egitekoa zuten bilera bertan behera gelditu da. Maiatzean Nazioen Liga jokatuko da Gernikan eta gatazkak jarraituz gero, Espainiako Federazioa lehiatik kanpo geratu liteke. 

Unai Lomana Uribezubia 2025eko martxoaren 20a
Espainiako Kirol Kontseilu Goreneko lehendakari, Jose Manuel Rodriguez Uribes. Espainiako Kirol Kontseilu Gorena

Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiko lehendakari Jose Manuel Rodriguez Uribes euskal selekzioaren alde lerratu da: "Valentziako Selekzioak, Pilota Valentziarreko Munduko Txapelketan egin bezala, (...) normaltasuna eman behar diogu, 2022ko Kirol Legearen 48. artikuluan jasotzen den moduan". Maiatzean Nazioen Liga jokatuko dute Gernikan, eta horri begira ere iritzia plazaratu du: "Zentzua du euskal gizarteak euskal pilota nazioartean aitortua ikusteak. Gizarte demokratiko batean erabat normala den zerbait egiten ari gara".

48. artikuluari garrantzia eman dio Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiko lehendakariak: "Artikulu horrek kirol jakin batzuei erreparatzen die, orain arte aitortuak izan ez diren batzuei. Aitortza kontu bat da, batez ere kirol hori jokatzen den tokietan: Euskadin, Nafarroan eta Errioxan". Halaber, Berria-k jaso duenaren arabera, Espainiako Gobernuari "lege hori betetzeko betebeharra" gogoratu dio: "Aniztasuna bultzatzen duen lege bat da, kirolen aniztasuna aitortzen duena. Kirol horiek bereziak dira, eta nazioartean isla izan dute".

Egoera blokeatuta

Baina, bizkitartean Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioaren eta Espainiako Federazioaren arteko gatazkak aurrera jarraitzen du. Abenduaren 28an, Nazioarteko Euskal Pilotaren Federazioak Euskal Federazioa batzarreko eskubide osoko kide gisa aitortu izana dugu gatazkaren oinarrian. Hori jakinarazi bezain laster TASera (Kirol Arbitrajeko Epaimahaia) jo zuen Espainiako Federazioak; Nazioarteko Federazioaren jokabideak bere arauak errespetatzen ote dituen ebazteko. Asteazkenean egitekoa zuten bil adeen arteko arteko laugarren bilera, baina azkenean, adostasun faltagatik ezeztatu behar izan dute. Aldez aurretik inolako jarrera-hurbilketarik ez zegoela jakin ondoren hartu dute erabakia.

Egoera blokeaturik dela ikusita, Espainiako Pilota Federazioari lehiaketetan parte hartzeko baimena kentzea haztatu du Nazioarteko Pilota Federazioak. El Correos-ek jakitera eman duenez, ostegun honetan batzekoa da zuzendaritza-batzordea erabakiaz eztabaidatzeko.