Euskal Sagardoaren eremu geografikoa EAEtik zazpi lurraldeetara handitzeaz gain, mugaren bi aldeetako sagar motak ere Jatorri Deituran sartzea adostu dute. Dagoeneko tramitazio guztiak martxan jarri dituzte, eta izapide administratiboa ixtear dute.
Euskal Sagardoa, Pirinioetako mugaz gaindiko Jatorri Deitura duen lehen edaria izango da. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoara hedatuko dela adierazi dute, eta eremu geografikoa zabaltzeaz gain, Jatorri Deituraren araudi bakarrean mugaren bi aldeetako sagar motak sartzea erabaki dute. Dagoeneko Europar Batasunak jaso ditu baimen administratibo guztiak eta izapide administratiboa ere Bruselarekin ixtear da, adierazi dutenez.
Araudi bera izateaz gain, kudeaketa eta zertifikazioa ere bateratuta egitea adostu dute eta horretarako HAZI-ko Kontrol eta Zertifikazio arloa dagoeneko hasia da INAOrekin harremanetan Frantzian ere homologatua izateko eta Jatorri izendapenaren zertifikazioa HAZIk egin dezan.
Nafarroako sagar eta sagardogileak ere proiektu honetara batu dira eta prozedura honi heltzeko konpromisoa hartua dute Kontseilu Arautzaileak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. “Nafarroako iparraldea sagar ekoizlea da, sagardotegi batzuk badira eta hemengo baldintza klimatiko berak dituzte, beraz, logikoa da Nafarroa proiektura batzea”, adierazi du Bixintxo Aphaulek.