argia.eus
INPRIMATU
Euskal rocka munduan zabaltzeko ekimen jendetsua antolatu dute Baionan
  • Azaroaren 24an egingo dute Esker 1000 ekimenaren lehenbiziko emanaldia Baionan: 100 musikari elkartu nahi dituzte Niko Etxarten Euskal Rock’n’roll kantaren bertsio bat egiteko eta, horrekin batera, rockarekin lotutako jarduera sorta antolatu dute.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2018ko azaroaren 14a
Italiako Cesena hirira Foo Fighters taldea ekartzeko egin zuten ekimenean hartu du oinarri Esker 1000 egitasmoak.

Italiako Cesena hiriak duela hiru urte egindakoa hartu dute inspirazio-iturri gisa egitasmo hau martxan jartzeko. 2015eko uztailean 1.000 musikari elkartzea lortu zuten hiri horretan, Foo Fighters taldearen kanta bat elkarrekin jotzeko. Helburua, AEBetako taldeak Cesenan jo zezan eskatzea zen eta ekimenak lortu zuen helburua.

Ez hori bakarrik, alimaleko oihartzuna izan zuen hedabideetan eta sare sozialetan eta geroztik Rockin’1000 taldeak abian jarraitzen du, Italian eta atzerrian kontzertuak jotzen eta bestelako egitasmoak antolatzen, besteak beste udaleku rockero berezi batzuk.

Egitasmo horretan inspiratuta jarri dute martxan Esker 1000 ekimena, baina Euskal Herriko kasuan, helburuak beste batzuk dira: euskal rockari omenaldia egitea, euskal kultura ezagutaraztea, nazio osoko musikariak biltzea eta haien arteko sarea jostea.

Hilabete honetan abiatuko da ekimena, baina ez da sasoi bakarreko lorea izango: 2019. urtearen bukaeran ikuskizun bat antolatu nahi dute, zeinean 1.000 musikarik 11 kanta joko dituzten. Musika eta ikus-entzunezkoak uztartu nahi dituzte geurtz egingo den ikusgarri horretan.

2020an berriz, egitasmoaren ibilbidea jasoko duen dokumentala estreinatu nahi dute eta euskal diasporari arreta berezia eskaini. Horretarako Boisen (AEB) euskal komunitatea elkartzen duen Jaialdi festara eramango dute egindako lana.

“Denei” zuzendutako egitasmoa dela azpimarratu dute antolatzaileek: musikari profesional, amateur eta autodidaktak, belaunaldi guztietakoak, bai hemen bizi direnak, bai atzerrian daudenak. Esker 1000ren baitan antolatuko diren aktibitateak ere askotarikoak izango dira, publiko zabalari zuzenduak.