argia.eus
INPRIMATU
Euskal presoen urrunketarekin amaitzeko gizartearen aktibazioa eskatu dute datorren urriko 20ko mobilizazioaren atarian
  • Orain Presoak dinamikaren bultzatzaileek Nafarroako euskal presoen senideekin batera agerraldi bat eskeini dute gaur Iruñeko espetxearen aurrean urrunketa politika salatzeko eta nafar gizarteari datorren urriaren 20an Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzeko.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2018ko urriaren 11

Gaur egun 40 preso nafar daude Frantzia eta Espainiako kartzeletan, haietatik 39 beren etxetik ehunka kilometrora urrunduak. Bisita batera joateko senideek egin behar duten batazbesteko distantzia 650 kilometrotakoa da. "Mendekuan oinarritutako urrunketa politika" honek 16 senideren bizitzak eraman dituela gogoratu dute eta "sufrimendu injustu" horri amaiera jarri behar zaiola azpimarratu dute.

"ETAren disoluzioaren ostean ireki den garai berria probestu eta aspaldidanik espero dugun aldaketa gauzatu dadin gure hondar alea jarri nahi dugu. Bakerantz eta elkarbizitzarantz eramango gaituen aldaketaz ari gara. Sufrimendu gehiago sortzeari utzi eta korapiloak askatu zein zubiak eraikiko dituen jendarte baterantz eramango gaituena", adierazi dute.

 

 

Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute milaka kilometrotara urrunduak diren eta giza eskubideak urratuak zaizkien euskal presoen egoerari irtenbidea ematea. "Indarrean den espetxe politika aldatu ezean, giza eskubideak urratuak izateaz gain, presoen senideak, bereziki haurrak eta adinduak direnak, sufrimendua pairatzen jarraitzen dutela, astebururo astebururo milaka kilometro egitera behartuak izanik edota larriki gaixo diren euren senideak hain urrun izanda, alerta egoeran bizitzera behartuak egonez", esan dute.

Zentzu horretan, azken hilabeteetan espetxe politika honen aldaketaren inguruan esandakoaren harira, kexka azaldu dute. Izan ere, oraindik ez dute argi "zein den proposatzen duten bide-orria", eta "benetako aldaketa" emateko "hitzak ez ezik, ekintzak ere" beharrezkoak direla azpimarratu dute. "Sufrimenduarekin amaitzea, giza eskubideak errespetatuak direla ziurtatzea, legea betearaztea eta bakerako zein elkarbizitzarako baldintzak sortzea" eskatu dute.

Urriaren 20ko manifestazioan parte hartzeko gonbita zabaldu dute. "Aktiba gaitezen, gatazkaren ondorioak konponbidean jartzeko garaia da orain!", gehitu dute.

Artikulu hau Ahotsa.infok argitaratu du eta CC-By-SA lizentzia askea baliatuta ekarri dugu ARGIAra