argia.eus
INPRIMATU
Euskal presoen eskubideak urratzen dituen salbuespen egoeraren txostena, Nazio Batuen Erakundera
  • Espainiako Estatuak darabilen kartzela politikak euskal presoen eskubideak urratzen ditu eta urraketa horien txostena aurkeztu dute Sare Herritarrak eta EHUko Ikasmirak elkarteak. Txostena Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordera eramango dute orain.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 11
Irudia: Sare

NBEko herrialde bakoitzak bost urtean behin pasa behar izaten du azterketa hau, eta datorren urrian Espainiaren txanda izango da. Hori baliatuta, Espainiako Estatuko kartzeletan dauden 203 presoren egoeraren berri emango dute batzordean Sarek eta Ikasmirak.

Txostenaren aurkezpen ekitaldian, euskal presoek egun oraindik bizi duten salbuespen egoerari irtenbidea bilatzeko lanean jarraitzea ezinbestekoa dela azpimarratu du Bego Atxa abokatuak. Espainiako botere publikoak nazioarteko legediaren aurka doan espetxe politika darabilela gaineratu du Iñaki Lasagabaster abokatuak eta gogoratu du kartzelan dauden pertsonen eskubide oinarrizkoak errespetatu egin behar direla, “baina gaur egun ez da hala egiten, eta ez da ulergarria ez ikuspegi juridikotik, ez ikuspegi politikotik”.

2.000 kilometrora

Joseba Azkarraga EAko idazkari nagusi ohiak urraketa horietako batzuk aipatu ditu: urruntze politika, larriki gaixo dauden presoak ez askatzea, praktikan biziarteko kartzela zigorra aplikatzea… Esate baterako, 203 preso horietako %65en kasuan, bisita egin nahi dieten senide eta lagunek 2.000 kilometro egin behar dituzte aldioro. %85 lehenengo graduan daude.

Babes zabala

Hainbat eremutako izen ezagunek babestu dute txostena. Tartean dira, besteak beste, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak, kultur esparruko Patxi Biskert eta Arantza Amezaga, Garbiñe Biurrun epailea, kazetaritza munduko Kike Amonarriz, Martxelo Otamendi eta Pili Kaltzada, edota Javier Sadaba filosofoa.

Irakurri txostena osorik lotura honetan.