argia.eus
INPRIMATU
Euskal presoen eskubideak defendatzeko aldarri egin dute milaka lagunek Bilbon eta Baionan
  • 85.000 lagun inguru bildu dira larunbatean Bilbon eta Baionako manifestazioetan. Euskal presoen eskubideen defentsan, hitza betetzeko eta ekiteko eskatu diote Frantziako eta Espainiako Gobernuari.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 14a
Bilboko manifestazioko irudi bat / Argazkia: Dani Blanco

Eguraldia lagun, jende andana bildu da Bilbon eta Baionan pasa den larunbatean eginiko manifestazioetan. Orain Presoak goiburupean, 76.000 lagun inguru batu dira Bilbon eta 9.000 Baionan, antolatzaileek jakitera eman dutenez. 2016an ere bi mobilizazio izan ziren, eta edizio hartan 71.000 herritar inguru zenbatu zituzten: 63.000 inguru Bilbon eta 8.000 Baionan.

Aldi berean abiatu ziren manifestazioak, kasik 17:30ak zirela. Euskal presoen eskubideak betetzea eskatu dute, eta dispertsio politika deuseztatzea. Bilboko manifestazioak, baina, bazuen ezberdintasunik aurreko urteetakoekin alderatuta: iazko ekainean hartu zuen presidentetza Pedro Sanchezek (PSOE), eta espetxe politika aldatzearen aldeko adierazpenak egin zituen. Dena den, orduan piztutako itxaropen izpi hark ez du jarraipenik izan: mugimenduak eskasak izan dira. Larunbatean, hortaz, hitza betetzeko eta urratsak ematen hasteko eskatu dute Bilbon.

Joseba Azkarraga Sareko kideak “entzuteko” eskatu zion Espainiako Gobernuari: “Ez dezala ahaztu hemen badagoela gizartearen zati garrantzitsu bat, zer esanik baduena, eta hamarkadatan luzatu den gatazka konpontzea besterik nahi ez duena”. Sara Majarenas euskal preso ohiak adierazi du hau dela presoen korapiloa askatzeko unea.

Bilboko manifestazioko argazki sorta ikusgai, Dani Blancoren eskutik.

Bestalde, iluntzeko 20:00etan amnistia osoaren aldeko manifestazioa egin zuten Bilboko Etxebarrieta Anaien plazatik abiatuta, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deituta.

Baionan, ordezkaritza politiko handia

9.000 lagun inguru elkartu dira Baionan, Frantziako Gobernuari urratsak eman ditzan eskatuz. Ipar Euskal Herriko udal alkateen %65ak babestu zuen manifestazioa. 2018ko urtarrilean iragarri zuen Frantziako Estatuak espetxe politika aldatuko zuela, hots, dispertsioarekin apurtuko zuela. Dena den, azken hilabeteotan prozesua “geldo” dagoela adierazi du Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak.

Bestalde, Nicole Belloubet sozialista eta Max Brisson senatari eskuindar baionarra bat etorri dira euskal presoen auzian, “oztopoak” daudela esanez. Honela adierazi du Brissonek: “Oztopoak daude aurrera jarraitzeko; berritu eta irmotu egin behar gara euskal presoen auzian aurrera egiteko”.

Grande-Marlaskari deia

Manifestazioaren biharamunean, hitza hartu du Sare Herritarrak. “Bere izenean eskubideak urratzen jarraitzeko prest ez daudela esan dute milaka eta milaka lagunek”, adierazi dute Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarraga plataformako kideek. Hala, Sarek Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne Ministroari bilera bat eskatuko diola jakinarazi dute. Espainiako Gobernuak euskal presoei ezartzen dizkien salbuespen neurriekin amaitu dezala galdegin nahi dio.

Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak iaz izan zuen harremana Frantziako Gobernuarekin, espetxe politika aldatzeari ekin zionean. Hortaz, Sarek Espainiako Gobernuarekin biltzeko “beharra” ikusten du. Iparraldeko ordezkaritzaren esperientzia hartu nahi du oinarri horretarako, eta horregatik, Ipar Euskal Herriko ordezkaritzarekin hitzartuko dela iragarri dute: “Ziur gaude lan molde berriak topatuko ditugula”.

Sare Herritarraren iritziz, “oso positiboa” izan da larunbatean era bateratuan milaka pertsona Ipar eta Hego Euskal Herrian mobilizatzea. Aldezabalek adierazi duenez, euskal gizartearen ordezkaritza zabal batek hartu du parte, eta eskaera “argia” izan da: “Gobernuek ez dezatela gehiago atzeratu sufrimendua besterik sortarazten ez duen espetxe politika bidegabe eta zentzugabe honen aldaketa”.