argia.eus
INPRIMATU
Euskal presoen askatasuna aldarrikatu dute Preso Politikoen Nazioarteko Egunean
  • Preso Politikoen Nazioarteko Egunean manifestazioak egin dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Sortuk egin du deialdia eta milaka pertsona Askatasuna lelopean atera dira kalera presoen askatasuna eskatzera.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko apirilaren 19a
Sortuk deitutako Iruñako mobilizazioa Preso Politikoen Nazioarteko Egunean. Argazkia: Ekinklik Argazkiak.

Preso Politikoen Nazioarteko Eguna dela eta, Sortuk manifestazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan larunbatean. Milaka pertsona atera ziren kalera presoen askatasuna eskatzeko. Bilbon eta Donostian eguardian egin ziren mobilizazioak eta Iruñean eta Gasteizen arratsaldean.

Haimar Altuna Sortuko Kontseilu Nazionaleko kideak Donostiako mobilizazio amaieran adierazpenak egin zituen eta ezer baino lehen euskal preso politiko guztiei, iheslariei eta deportatuei "besarkada sentikorrena" bidali zien, "etxean eta gurekin behar zaituztegu, herri bat daukagu eta elkarrekin askatzeko". Horrez gain, "beste nazio eta herri zapalduen askatasunaren alde jarduteagatik espetxeratuta dituzten preso politikoei" ere animoak bidali zizkien. Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Donostiako kaleetan euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen askatasuna ez ezik Euskal Herriaren askatasuna ere aldarrikatu dutela azpimarratu zuen Altunak. 

Oinarrian "gatazka politiko" bat dagoela mahaigaineratu zuen, "9.000 euskal herritar espetxera eraman dituena eta oraindik konpondu gabe dagoena". "Preso politikoak preso dira, estatuek Euskal Herria ukatzen jarraitzen dutelako, eta hamarkadetan afera politiko horri irtenbide demokratikorik ez diotelako eman nahi izan."

"ETAren jarduera armatua amaitu eta hamarkada batera, nola da posible oraindik preso politiko, iheslari eta deportatuak egotea? Nola da posible haiei guztiei oraindik salbuespeneko neurri politikoak aplikatzea?". Erantzuna argia dela adierazi zuen Altunak: "Estatuentzako haietako bakoitza, aktibo garrantzitsua delako independentziaren aldeko borrokan". Proiektu independentista kaltetzeko modu eraginkorra delako gatibu dituztela eta estatuek hori "aski" ikasia dutela gaineratu zuen.

"Pitzadura handiago bat eragin"

Hala ere, "espetxeetatik, kaletik, erakundeetatik egindako borrokak" emaitzak ekarri dituela eta "blokeoa haustea" lortu dela gehitu zuen Altunak. "Azken hilabeteetan, espetxe-politika apur bat humanizatu da gerturatzeen bidez, isolamenduaren amaieraren bidez edo bigarren graduen areagotzearen bidez".

"Ezin gara inolaz ere lasaitu, orain arteko ahalegina biderkatzea dagokigu", gogorarazi zuen, helburua argia dutela esanez: "Orain, pitzadura handiago bat eragin behar diogu hormazar horri, presoak etxera bidean jarri nahi baditugu. Berandu baino lehen preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak estatuen atzamarretatik askatu ahal izateko".

Hala, presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzearekin Euskal Herriak estatuekin duen gatazka politikoa "bere horretan" mantenduko dela ohartarazi zuen. "Ez izan zalantzarik guztiak etxeratuta Euskal Herriaren askatasunerako bidea azkartzea lortuko dugula, eta gurekin izango ditugula Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan, Euskal Herriaren independentziaren aldeko borrokan", adierazi zuen amaieran.