argia.eus
INPRIMATU
Euskal presoen aldeko Gabonetako manifestazioa Bilboko kaleetara bueltatuko da aurten
  • Iazko eten behartuaren ostean urtarrilaren 8rako jarri du zita Sarek, “Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako. Bidean” lelopean.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 08a
Argazkia: Sare

Leloaren zergatia azaldu dute Sareko ordezkariek, Bilbon eginiko prentsaurrekoan: “Honekin adierazi nahi duguna da, bizikidetzarako eta bakerako bidea egiten ari garela, etxerako bidea egiten ari garela". Presoen eskubideen errespetua bakearekin eta elkarbizitzarekin lotu ditu Sarek: "Bizikidetza ezinezkoa da euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen-legeriak eragindako eskubide-urraketa desagertzen ez bada. Eta, etxerako bidea egiteko, espetxe-politikan hain beharrezkoa den erabateko aldaketa sustatzeko, funtsezkoa da bizikidetzaren eta bakearen bidean aurrera egitea".

Azken urtean “aurrerapausoak” lortu dira Sareren esanetan. Horiek aintzat hartu ditu, baina nahikoak ez direla adieraziz aldi berean. "%94k bigarren graduan jarraitzen du, eta hamar baino ez dira hirugarren graduan dauden presoak, egoera horretan 70 preso egon beharko liratekeenean". Pausoak ematen jarraitzeko elkarlanaren beharra azpimarratu dute, eta Bilbora joateko deia egin diete herritarrei, alderdi politikoei, sindikatuei, elkarte eta erakundeei.