Iker Urbina eta Haizea Ziluaga abokatuek harrituta jaso dute Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia, besteak beste, Espainiako instantzia judizialetan ere iritzi desberdinak zeudelako.
Abokatuek adierazi dute bestelako ebazpena espero zutela, batetik, ikuspegi juridikotik uste sendoak zituztelako, eta bestetik, Espainian, boto partikular oso sendoak zeudelako Auzitegi Konstituzionalean Adela Asúarena eta Gorenekoan Cándido Conde-Pumpidorena.
PPk 2014an egindako amarru legala ontzat ematea deitoratu dute abokatuek, haien ustez 2014an egindakoa Europaren irizpideen aurkakoa izan zen eta ad hoc egindakoa, alegia, euskal presoen kartzelaldiak luzatzeko asmoz egindakoa.
Aukerak
Abokatuek Estrasburgoko Areto Nagusira jotzeko aukera aztertuko dute. Hiru hilabeteko tartea dute horretarako. Beste aukera Luxenburgoko Justizia Auzitegira jotzea da. Aukera hori ez dago presoen esku, Europako Batasunekoen eta instantzia judizialen esku baizik.
Abokatuek 7/2014 legea berritu eta Europako filosofiaren irizpideetara moldatzea eskatu dute.