argia.eus
INPRIMATU
Euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak salatu eta “ofentsiba berriak” marrazteko deia egin du Bake Bidea-k
  • Ondoko egunetan Frantziako Justizia Ministerioarekin ukango du bilera bake prozesuaren alde dabilen Euskal Herriko ordezkaritzak. Presoek pairatzen dituzten salbuespen neurrien bukaera eta bake prozesuari begira perspektiba berriak irekitzeko eskaerak luzatzeko unea izanen dute.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko ekainaren 05
Bake prozesuaren aldeko Euskal Herriko ordezkaritzaren prentsaurrekoa, Baionan

Koronabirusaren testuinguruan, euskal preso politikoei dagokienez "salbuespenari salbuespena gehitu izana" gogorki salatu du Bake Bidea egiturak. Hogeita hamar urtez preso diren Jakes Esnal, Txistor Haranburu eta Ion Paroten egoera deitoratzeaz gain, Ibon Fernandez Iradi eta Josu Urrutikoetxea preso erien zein gose greban dagoen Patxi Ruiz presoaren egoerak gogorki salatu dituzte. Ohartarazi dutenez, izurritea dela eta, Frantziako kartzeletatik 13.000 preso askatu badituzte ere, euskal presoei aukera errefusatua izan zaie. Hori horrela, salbuespen neurriekin bukatzeko deia berretsi dute. Mezu hori luzatuko diote Frantziako Justizia Ministerioari ondoko egunetan ukango duten bileran. Horrez gain, bake prozesuari perspektiba berriak zabaltzeko deia ere egingo diote.

"Ofentsiba berriak"

"Prozesu honetan, urrats berri bakoitzak aurreko urratsak finkatu eta urrats berrien ikuspegia zabaldu behar du. Dinamika hori gelditzen bada, prozesua erortzen da. Beraz, behartuak gara azken urteetan ireki den bidea segitzea. Eta ez diogu betebehar horri huts eginen, ez baita atzera egiterik, ezta bidearen erdian trabatua gelditzerik ere", Anaiz Funosas eta Mixel Berhokoirigoinek azaldu dutenez. Hori horrela, aurrera egin ahal izateko "ofentsiba berriak" erabakitzeko ordua dela gehitu dute: "Blokeo politiko orok erantzun kolektibo bat dakar eta jendarte zibilak bere ardurak hartuko ditu orain ere".

Orain arte 2014an Baionan onarturiko eta izenpeturiko bide-orrian oinarritzen da Bake Bidea eta horren alde dabilen hautetsien ordezkaritza. "Bide-orri horri segi gabiltza baina bide-orri berri bat beharko dugu zeinetan kartzela izan beharrean, beste errealitate bat izango den presoentzat".

Ekainaren 5 honetako prentsaurrekoan, ondoan ukan dituzten Jean-Rene Etxegarai, Max Brisson, Vincent Bru, Alice Leizagehezahar, Kotte Eszenarro eta Frederique Espagnac hautetsiek ere berretsi dute mezua. "Euskal Herriaren pazientziak mugak ditu, denbora luzeegi bilakatzen ari da eta jendarte zibilaren babesarekin ekintza mota berriak marraztu beharko ditugu, atzera ezin dugulako egin", Brissonen hitzetan.

Esnalen dei auzia ekainaren 25ean

Jakes Esnal presoaren baldintzapeko askatasunaz erabakitzeko auzia izango da ekainaren 25ean. Nahiz eta Pariseko Zigor Aplikaziorako Epaitegiak baldintzapeko askatasuna onartu maiatzaren 12an, azken hau berriz ere ezin izan zen martxan eman, auzitegi antiterroristak zuzenean dei egin zuelako. "Preso horiek kondena heriotzeraino bete behar dutela erabaki ote du botereak? Hala bada, ulertezina eta arriskutsua litzateke. Hala ez bada, orain askatu behar dira!” Bake Bidea-k ohartarazi duenez. Hogeita hamar urte daramazki preso Esnalek.