Espainiako Barne Ministerioak presoen bisitak baimenduko ditu maiatzaren 14an. Hala ere, bisita horiek probintzia bereko familiako kideek egin ahalko dituzte. Beraz, euskal preso politikoek, sakabanatuta dauden heinean, ezingo dute bisitarik jaso.
Maiatzaren 13 goizean sinatutako neurri horrek presoen bisitak, komunikazioak eta irteteko baimenak berreskuratuko ditu “pixkanaka-pixkanaka”, Espainiako Barne Ministerioak azaldu duenez. Arratsaldean, ordea, zuzenketa bat egin diote legeari, soilik probintzia barneko mugimenduak baimenduko dituztela zehaztuz.
Koronabirusak Espainiako estatu mailan ezarritako murrizketen ondorioz hartutako neurria dela argudiatu du Grande-Marlaska Barne ministroak. Neurri horrek euskal preso politiko ia guztiak bisitarik gabe utziko ditu, izan ere hiru baino ez dira Euskal Herriko kartzeletan edo harrera etxeetan daudenak; Asier Ezeiza, Txus Martin eta Ibon Iparragirre. Hiruak daude Araban, beraz, herrialde horretako biztanleek bisitatu ahalko dituzte soilik.
Irteteko baimenei dagokienez, kartzelaratuta dauden probintzian bertan irten beharko dutela adierazi du Barne ministerioak.
Etxerat eta Sare haserre
Bi elkarteek ohar bana kaleratu eta haserrea adierazi dute Barne Ministerioak hartutako neurriak euskal preso politikoei eragingo ez dielako; “aurrerapausurik” ez egotea kritikatu dute. Frantziako Estatuaren kasuan, astean bisita bana jaso ahalko dute, kartzelatik 100 kilometro baino gutxiagora badago bisitan doakiona; bisitari bakarra baimendu baitu gobernuak.
Sarek adierazi du neurri horrek ez duela errespetatzen presoen berdintasun-printzipioa. Izan ere, euskal preso ia guztiak lehenengo fasean dauden probintzietan kartzelaratuta badaude ere, senideek ezingo dute beraien bisitan joan. “Senideak 1. fasean dauden probintzietan dauden espetxeetara joateak ez dakar desplazamendu masiborik eta, horregatik, probintzien arteko mugikortasuna eragozteko helburua ez da kaltetzen desplazamendu horiek baimenduz gero”, adierazi du.
Hori horrela, salbuespen neurriekin eta urruntze politikarekin amaitzeko eskatu diete Espainiako Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiari.