"Jarrera proaktiboagoa" eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sail berriari Sarek, abuztuaren 20an egindako prentsaurrekoan. Espetxeetako normalizazioa "oraindik urruti" dagoela salatu dute, ikusita 148 presoetatik "ehun preso baino gehiago" egon litezkeela jada erdi askatasuneko erregimenean edo baldintzapeko askatasunean.
Azken urtean presoen egoerak izan duen bilakaeraren balantzea aurkeztu du Sare Herritarrak, abuztuaren 20an egin duen agerraldian. Egun, 148 euskal preso daudela adierazi dute; horietatik 142, Euskal Herriko espetxeetan. Nahikari Iturbe eta Joseba Azkarraga agerraldiko bozeramaileek azaldu dute iazko abuztutik hona, 32 progresio onartu dituela Eusko Jaurlaritzak.
Aurreko urteko abuztutik Sareren datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeetako tratamendu batzordeek 34 auzitan egin dute hirugarren gradura pasatzeko proposamena Espetxeetako Euskal Administrazio Zentralari, eta Eusko Jaurlaritzak horietatik 32 onartu ditu. Denera, 29 presori onartu dizkiete helegiteak. Baina, onartu dituzten 32 eskakizun horietatik sei errekurritu ditu Auzitegi Nazionalak, eta lau kasutan atzera bota dituzte hirugarren gradu eskakizunak.
Sare Herritarrak salatu du ETA 2018an desegin zenetik haren izena "konfrontazio sozial eta politikorako komodin" gisa erabiltzen dela. Eusko Jaurlaritzan izandako aldaketen ostean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketa eskuz aldatu da. Maria Jesus San Jose bilakatu da Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, Alfonso Gomez da Justizia sailburuordea eta Ines Soria izango da aholkularia. "Azpiegitura hobetu da, lantaldea osatu da lan poltsetako langileak kontratatuta, eta Espetxeetako Euskal Ereduaren bereizgarri izan nahi duten zenbait neurri ezarri dira jada", azaldu dute.
Horiek hala, Sareko kideek Justizia Sailburuordetzari ondokoa eskatu diote: “Espetxe politika arrunta aplikatzea, pribilegiorik, salbuespenik, diskriminaziorik eta irizpide partikularrik gabe”. Horretarako, kartzeletako profesionalen proposamenak onartzea galdegin diote, baita salbuespen legeek ezarritako mugei dagokienez "jarrera proaktiboa" izatea. Bereziki, salatu dute presoek zigorrak osorik espetxean betetzearen aldeko irizpideak sustatzen dituztela lege horiek, eta Europako Batasuneko beste estatu batzuetan betetako zigor urteak kentzea galarazten dutela.
Beraz, Sare Herritarrak espero du Justizia Saileko arduradun berriek eragileekiko "interakzioa erraztea" auzi horien inguruan aritzean. Hain zuzen, azken urteetako harreman "positiboak eta normalizatuak" eskertu dizkiete euren karguak utzi berri dituzten arduradunei: "Entzun egin digute, gure eskaerek erantzun positiborik izan ez badute ere".
Hortik haratago, 2021etik hona Eusko Jaurlaritzak izandako jokabidean "argi ilunak" izan direla uste du Sarek, nahiz eta gehitu duen aurrerapausoak eman direla: "Behar den baino ausardia txikiagoarekin, baina aurrera egin da". Presoen espetxe sailkapenari dagokionez, argudiatu dute egoera "normalizaziotik urrun" dagoela oraindik ere, eman den progresio kopurua "oso mugatua" izan delako: "Ez da aukerarik eman preso kopuru handi bat hirugarren gradura pasatzeko". Izan ere, Sareren arabera, ehun presok baino gehiagok betetzen dituzte erdi askatasuneko erregimenean edo baldintzapean aske egon ahal izateko ezaugarria.
Etxeratze bidean, baina, egin daiteke bestelako urratsik ere. Horietako bat da espetxe araudiko 100.2 artikulua aplikatzea, egunez lanerako edo ikasketak egiteko espetxetik ateratzea ahalbidetzen duena. Hain zuzen, artikulu horren erabileran aldaketa bat ikusi du Sarek Eusko Jaurlaritzan: "2023ko irailean oso ordutegi laburrekin erabili zen, soilik boluntario edo prestakuntza lanetarako. Geroago, ordea, zabaldu dira artikuluaren aplikazioaren xede izan daitezkeen jarduera motak". Halere, Sarek gehitu du "familia kontziliaziorako eta harreman sozial eta familiarrak berregiten laguntzeko" ere baliatu beharko litzatekeela.
Bestalde, bi eguneko espetxe baimenak daude. Fiskalak ez du horien kontrako helegiterik aurkezterik, baina Sarek uste du horien erabilera "mugatua" izan dela, nahiz eta "funtsezkoak" izan gizarteratze prozesuan: "Baimenak onartzeko eskatu da zigorraren erdia betea izatea, eta hori legean ezarritakoa baino gehiago da".
"Negatiboa" da balorazioa adineko presoen egoerari dagokionez ere. Prentsaurrekoan azaldu dute 70 urte baino gehiago dituzten presoak daudela, espetxean hogei urte baino gehiago daramatzatenak, eta legeak adierazten duela hirugarren gradua dela horiek zigorra betetzeko modurik egokiena: "Preso horiek guztiek hogei urte bete dituzte kartzelan, behin ere atera gabe, eta haien osasuna ahula da".