argia.eus
INPRIMATU
“Euskal preso politikoak etxeratzeko kartelak balkoi, jai eta plazetan jartzen jarraituko dugu”
  • Joseba eta Eñaut Alvarez aita-semeak zigortu dituzte San Sebastian egunaren bezperan Plaza Berrian Udaltzaingoarekin izandako talkarengatik. Bakoitzari 750 euroko zigorra ezarri diete, eta ostegunean epaitegian deklaratu dute.

Nerea Lizarralde Irutxuloko Hitza @irutxulo 2023ko maiatzaren 19a

Kontzentrazioa egin dute epaitegiaren kanpoaldean, eta salatu dute adierazpen askatasunaren eta eskubide sozil, zibil eta politikoen aurkako gertaera bat dela: “Oztopo guztien gainetik, euskal preso politikoak etxeratzeko kartelak Euskal Herriko eta Donostiako balkoi, jai eta plazetan jartzen jarraituko dugu” .

Azaldu dute San Sebastian bezperan euskal presoak etxeratzeko bandera jartzen saiatu zirela Plaza Berrian, eta Udaltzaingoa haien aurka oldartu zela: “Borra eta ezkutuak baliatuz, mehatxu eta oihu artean, bandera jartzen ari ginen herritarron aurka egin zuen”.

Handik bi hilabetera, Joseba eta Eñaut Alvarez aita-semeek zitazio bana jaso zuten, ostegunean deklaratzeko. Era berean isun administratibo bana ere jarri diete (750 eurokoa), Mozal Legea ezarrita.

Larritzat jo dute Polizia era honetan ekitea kalean aldarrikapen ezberdinak egiten ari diren herritarren aurka, eta are larriagotzat jo dute “gertaerak judizializatu eta herritarern aurkako ondorio penalak bilatzea”.