argia.eus
INPRIMATU
Euskal preso politiko bati langabezia jasotzeko eskubidea aitortu dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak
  • EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du hirugarren graduan dagoen presoak eskubidea duela langabezia jasotzeko. LAB sindikatuak aurrekari gisa ikusi du epaia eta urrats bat dela dio "presoen oinarrizko eskubideak aitortzera bidean".

ARGIA @argia 2024ko irailaren 19a
EAEko Jusitiza Auzitegi Nagusiak emandako epaia aurrekaria izan daiteke LABen ustez. Argazkia: Wikipedia

Epaia behin-behinekoa den arren, LABek urrats gisa ikusi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak euskal preso politiko bati langabezia eskubidea aitortzeko emandako epaia.

Presoa espetxean zela urtebete baino gehiagoz aritu zen lanean Gizarteratzearen Euskal Agentziaren bidez. Behin 2023ko otsailean hirugarren gradua lortuta, langabezia eskatu zuen egindako lan horrengatik, baina SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak ukatu egin zion.

Orduan auzitara jo zuen, baina Bilboko epaitegi batek ez zion eskubide hori aitortu. Orain, epai horri jarritako helegiteari erantzunez, Auzitegi Nagusiak bestela esan du: "Auzitegiak dio Espainiako Konstituzioak berak aitortzen diola ezein presori ordainpeko lanerako eskubidea eta horren ondorioz Gizarte Segurantzaren onurak jasotzekoa, inolako salbuespenik gabe", azaldu du LABek.

Sindikatuak positiboki baloratu du ebazpen hori eta presoen oinarrizko eskubideak aitortzera bidean "urratsa" dela dio, aurrekari bat izan baitaiteke.

"Justizia sistema ez punitibista baten oinarrietako bat behar luke presoari bere bizi proiektua garatzeko oinarrizkoak dituen eskubideak aitortzea", dio LABek. Ildo horretan, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespenezko neurriekin amaitzeko eskatu du.