argia.eus
INPRIMATU
Euskal preso politiko baten alaba larri dago umearen aitak sastakatu ondoren
  • Sara Majarenas euskal preso politikoaren alaba bi aldiz sastakatu zuen bizkarrean umearen aitak, preso sozial ohia. Bi urteko umea operatua izan da eta larri dago zainketa intentsiboetako unitatean, Las Provincias egunkariak argitaratu duenez.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2017ko urtarrilaren 16a
(Arg.: Las Provincias)

Umea Espainiako Estatuko hainbat kartzelatan bizi izan da bere amarekin. Orain, Picassenteko kartzelan bizi dira biak, baina asteburuak bere aitarekin igarotzen zituen. Igande goizean, gizonak bi labankada eman zizkion eta ondoren polizia-etxean aurkeztu zen, Benifaión duen etxean ustez alaba hil zuela aitortuz. Agenteen arabera gizona lasai agertu zen.

Udaltzaingoa eta Guardia Zibila gizonaren etxera hurbildu ziren anbulantziarekin batera. Agenteek blindaturiko atean zulo bat egitea lortu zuten eta umea odolez beteta aurkitu zuten barruan, baina kontziente. Anbulantzian Valentziako la Fe ospitalera eraman zuten. Medikuen arabera, labankadetako batek birika zulatu zion umeari. Majarenasen alaba bi aldiz operatu behar izan dute eta zainketa intentsiboetako unitatean dago.