Bakio, Laida, Lekeitio, Mutriku, Orio eta Donostian egin dituzte Etxeratek urtero antolatzen dituen hondartzetako mobilizazioak. Aurten Sare Herritarra batu da aldarrikapenera.
Igandean, Hego Euskal Herriko sei hondartzatara eraman dute euskal preso eta iheslariak etxeratzearen aldarria. Etxeratek dio “elkarbizitza” sendoa eraikitzeko “sufrimendu” guztiak amaitu behar direla. Hori lortzeko adierazi du ezinbestekoa dela preso, iheslari eta deportatuen auziari "behin betiko aterabidea" ematea, eta herri honetan bizitako "biolentzia guztien biktimen mina" aitortzea.
Etxeratek ondorengoa azpimarratu du: "Dispertsioari amaiera ematea lortu genuen bide beretik lortuko dugu etxeratze prozesua bukaeraraino gauzatzea”. Horretarako, presoen senideen elkartearen ustez egun indarrean dagoen eta "zigorra behar baino gehiago luzatzen duen salbuespen legedia" indargabetu behar da.