Adinekoen egoitzen, eguneko unitateen eta etxez-etxeko laguntza zerbitzuen inguruan informazioa biltzen duen idazki bat banatu du Pentsiodunen Mugimenduak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariek Arartekoko kideekin hitz egin dute uztailaren 29an, eta erakundeari eskatu diote iritzia eman dezala "adineko pertsonentzako egoitzetan egon daitezkeen eskubideen urraketei buruz", COVID-19 pandemiaren harira.
Pentsiodunen kolektiboek azaldu dutenez, bilera horretan adinekoen egoitzetako egoerari buruzko hainbat datu biltzen dituen idazki bat banatu dute, baina eguneko unitateetan eta etxez etxeko laguntza zerbitzuen inguruan ere mintzo dela aitortu dute. Arartekoari eskatu diotenez "eskubideak urratuz gero, eman ditzala beharrezkoak diren ebazpenak, tartean diren administrazioek jarraitutako politika publikoen egokitasuna diagnostikatzeko eta, hala badagokio, dagokion txostena egiteko".
Halaber, erakunde horrek "2019ko uztaileko Egoitzen Dekretua betetzen dela egiaztatzeko egin beharreko ikuskapen-bisitak" egitea proposatu dute, "are gehiago pairatzen diren antzeko egoerak erreproduzitzen badira".