Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak webgune berria jarri du martxan euskal liburutegi digitala biltzeko: Liburuklik. 3.000 liburutik gora eta 350.000 irudi kontsulta daitezke bertan eta lehendik ere sarean ikusgai zeuden Eusko Legebiltzarreko eta Sancho el Sabio liburutegiko hainbat funtsez gain, Loiolako Santutegiko ondare bibliografikoko euskarazko 325 lan sareratu dituzte, "bakarrak eta balio handikoak".
Bestalde, Arabako Foru Aldundiko Micaela Portilloren funtsa ere kontsultagai dago eta hainbat erakunderekin lanean ari dira liburutegia beste 300.000 irudirekin handitzeko. Liburuklik-eko bilduma hau Europeana sarean jarriko dute, Europako erakunde ugariren funts bibliografikoak jasotzen dituen ataria. Proiektuan 690.000 euro inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak.
- Ondare bibliografikoa biltzen duten beste hainbat webgune Uztartuz.org atarian kontsulta daitezke.