argia.eus
INPRIMATU
Euskal Nobela Beltzaren Astea urte guztira luzatuko da
  • Urtero urtarrilean, ilbeltzean, Baztanen antolatu ohi den (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Astea urte guztira luzatu da, egoera dela-eta. “Hil (ala) beltz” leloarekin, ilbeltzean elkartu ez baina beste hilabeteak belzten ahaleginduko dira (H)ilbeltzaren antolatzaileak.

Peru Iparragirre @peruiparragirre 2021eko otsailaren 16a

Zazpigarren aldia behar zuen izan aurtengoak, baina osasun egoera dela-eta (H)ilbeltzarik egongo ez zela iragarri zuten antolatzaileek joan den urtearen amaieran. Hala eta guztiz ere, publikatutako bideo batean adierazi zuten urteko gainontzeko hilabeteak belzten ahaleginduko zirela, ordezko “zerbait” egiten. Esan eta egin, “Hil (ala) beltz” lelopean urte guztira zabaldu dute euskarazko nobela beltzaren bueltako topagunea.

Lehen ekitaldia iragarri dute dagoeneko. Miren Gorrotxategi idazlearekin Sotoan gordeak liburuaz solastatuko dira otsailaren 25ean, iluntzeko 18:00etan, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Segurtasun neurriak bermatu ahal izateko bertan izango dira ekitaldi guztiak. Gorrotxategik III. (H)ilbeltza beka irabazi zuen Sotoan gordeak (Txalaparta, 2020) nobelarekin.

Datozen hilabeteetarako egitaraua ere osatu dute. Martxoren 26an Gorka Arresek Hasier Etxeberria idazlearen obraren inguruko “Damian Arrutiren asmazioak” hitzaldia eskainiko du. Etxeberriaren Eulien bazka (Susa, 2003) eta Mutuen hitzak (Susa, 2005) nobela beltzetako protagonista da Damian Arruti. Apirilaren 23an Amaia Apalauza itzultzailea Olga Tokarzcuk Nobel saridunaren Erabili goldea hilen hezurren gainetik (Elkar, 2020) liburuaz arituko da.

Maiatz amaieran eta ekain hasieran “Itzuli beltza” egingo dute, edukiera ziurtatzeko bi asteburutan banatuta, aurreko urteetako tradizioari jarraiki. Hurrengo hilabeteetan mahai-inguru bat, azken urtean argitaratutako pare bat nobela beltzen aurkezpenak eta zinema beltzaren historiaren inguruko solasaldi bat antolatzeko asmoa dute.