argia.eus
INPRIMATU
Euskal literatura kale gorrira, bosgarrenez
  • Maiatzaren azken egunetik hasi eta ekainaren 2rako tartean iragango da Literaturia 2013, letrak kale gorrira ateratzea helburu duen ekimena. Bosgarrena dugu aurtengoa, eta betiko legez, Larrabetzuko herria hartuko du plazatzat.

Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2013ko maiatzaren 21a
Literaturia 2013

Errezitalak, aurkezpenak, antzerki saioak, kontzertuak, irakurraldiak, haurrentzako ipuin kontaketak, solasaldiak... Oparoa eta osagarriz betea dator beste behin ere euskal literaturaren azoka.

Publikoari gorroto obrak emango dio ofizialki hasiera Literaturiari, ostiralean, hilak 31, 19:00etan.

Egunik mardulenean –ekainak 1, larunbata– Lourdes Oñederraren Intemperies (babes bila), Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat, Mariasun Landaren Inurrien hiztegia, Garazi Goiaren Txartel bat (des)herrira eta Mikel Tabernaren Alkasoroko benta nobelak izango dira berbagai, idazleak bertan direla, 11:00etan.

Arratsaldeko 18:30ean Elkartasun basatia errezitaldia eskainiko du Oier Guillanek. 22:00etan, berriz, Ez haut abandonatuko (Bide Ertzean + Jon Benito) eta Anariren emanaldia daude programatuta.

Igandean, besteak beste, egungo itzulpengintzaren erronkak izango dira aztergai.  Josu Bergara eta Pau Alabajos bakarlariek emango diote amaiera aurtengo edizioari.