argia.eus
INPRIMATU
Bederatzi idazle hauek aurkeztuko dituzte liburuak Euskal Liburu eta Diskoen Ziburuko Azokan
  • Bederatzi idazlek beren lanak aurkeztuko dituzte ekainaren 4an Ziburun egingo den euskarazko liburu eta diskoen hirugarren azokan: Asel Luzarraga, Lizar Begoña, ZaldiEroa, Koldo Izagirre, Garluk Agirre, Dani Fano, Idoia Santamaria, Garbiñe Larrea eta Jokin Urain. Ekaineko lehen larunbatean Ziburun gozatu ahalko den egitarau osoaren berri duzu albiste honetan.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 20a

Goizeko hamarretan irekiko da azoka eta Janbattit Dirassar idazleari omenaldia egingo zaio. Jarraian, 10:15 aldera, "Zubiburu" mahai ingurua burutuko dute lehen aldiz Dirassarrek berak eta Amaiur Epher idazle gazteak. Hain justu, ekimen berri honekin azokak idazle belaunaldi zahar eta berrien arteko zubi lana indartu nahi du.

Haurrek Amalurrak pausa behar du emanaldi berezia gozatu ahalko dute Iturri Zaharraren plazan, 10:30ean hasita. Maddi Zubeldiak egindako ipuina plazaratuko dute egileak berak eta Bernadette Lurok, kantu eta txotxongiloen laguntzaz. Emanaldi honetarako Ziburuko ikastetxe guztiek euskal kantutegiko kantu ezagun bat landu dute, eta honela ikasleek emanaldian parte hartuko dute kantu hauek kantatuz.

Eguerdi aldera (12:30ean) komikia eta bertsoa uztartzen dituen Zirriborroka bat-bateko emanaldiak zirikatuko ditu entzuleak. Miren Artetxe eta Igor Elortza arituko dira kantuan eta Axpi eta Zaldi Eroa marrazten.

Bederatzi idazleen aurkezpen hitzaldiak

Hona idazleek Ziburuko azokan aurkeztuko dituzten liburuak eta ordutegiak:

11:30ean Asel Luzarragak "Esan gabe doa" (Txalaparta) nobela aurkeztuko du.

12:00etan Lizar Begoñak “Gepardo japoniarrak” (Susa) olerki bilduma plazaratuko du.

15:45ean Xabiroi-ren bi komiki aurkeztuko dituzte egile hauek guztiek: ZaldiEroak “Arranotxu” aurkeztuko du eta Koldo Izagirre, Garluk Agirre eta Dani Fanok “Sasi artean Elgeta”.

16:30ean Idoia Santamariak itzuli duen “Austerlitz” WG Sebald" liburua izango du mintzagai.

17:15ean Garbiñe Larrea "Sendabelarrek dakitena" (Argia) liburuan oinarrituta gaiaz arituko da.

18:00etan Jokin Urainek “Txomin Aurrera Bolie” (GARA) lana azalduko du.

Bazkalorduan eta iluntzean kultur ikuskizunak

Eguerdian 13:00etan itxiko da azoka eta 15:00etan zabalduko ditu berriro ateak, indarrak hartu ostean. Baina tarte horretan ere izango da girorik Ziburuko plazan: folk irlandarra eskaintzen duen Ni Banna taldeak joko du 14:00etan Boga ostatuan eta jarraian, 14:30 aldera, Atalaia ostatuan.

Arratsaldean azoka Pantzo Irigarairen umore bakarrizketak zabalduko du, 15:15ean, kafea gozatuko duen umore zorrotzaz.

Azoka 19:00etan itxiko da baina plazan elkartutakoek elkarrizketak luzatuko dituztela ziurra da, 20:00etan kontzertua eskainiko baitu Adar taldeak: Arnaud Bibonne gaskoiak eta Maider Martineau Zubieta euskaldunak osatzen duten folk taldeak boha, podoritmia, alboka, trikititxa, panderoa eta kantua elkartuz bizitasun eta indarrez emango diote bukaera hirugarrenez egingo den euskara hutseko Ziburuko azokari.